Kargatzen...
Itxi

Gala, azaroan

Gure Artea sariak, Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/g taldearentzat

eitb.eus

Leer en Castellano

Arte plastiko eta ikusizkoen arloko sarien irabazleak gaur iragarri dituzte, San Telmo Museoan, Donostian. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gema Intxausti, Erlea Maneros eta, azkenik, Bulegoa z/b taldeko Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara dira Gure Artea sarien irabazleak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur ezagutzera eman duenez. Sailburuak Donostiako San Telmo Museoan izandako ekitaldi batean eman du albistea, eta harekin batera izan dira hiru sariak jasoko dituzten artistak. Sariak banatzeko gala azaroan egingo da.

Zupiria sailburuak nabarmendu du sari hauek funtsezkoak direla saritutako artisten lana ikusgaiago egiteko, baita, oro har, “Euskadin arte plastikoen eta ikusizkoen alorrean egiten dena ezagutarazteko ere”.

Ibilbide Artistikoari Saria

Ibilbide Artistikoa saritzen duen modalitatean, Gema Intxausti Miangolarra izan da aurtengo irabazlea, epaimahaiaren arabera, “joera igarokorretatik aldendua, pintura, eskultura eta zineaz baliatu da bizitza duinaren, inkomunikazioaren, nortasunaren, oinazearen eta plazeraren inguruan hausnartzeko”.

Sorkuntza Lana Aitortzeko Saria

Sorkuntza Lana Aitortzeko Sariari dagokionez, Erlea Maneros Zabala izan da aurtengo saritua. Kasu honetan epaimahaiak nabarmendu du “posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau trataera uztartzen dituen artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta etengabeko ikerketa”.

Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako Lana aitortzeko saria

Azkenik, Bulegoa z/b taldea izan da Arte Plastiko eta Ikusizkoen arloan agenteek egindako Lana Aitortzeko sariaren irabazlea. Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osatzen duten talde honen kasuan, epaimahaiak azpimarratu duenez “gizarte ehunaren eta kultura-erakundeen arteko bitartekaritzaren aldeko konpromiso irmoa duen proposamen bat eskaini dio euskal testuinguruari”. Era berean, tokiko mailan —Solokoetxe auzoan, gehienbat— duen eginkizun dinamizatzailea baloratu da, bai eta sareko nazioarteko proiektuetan duen parte-hartzea ere; ondokoekin lan egin du: If I Can’t Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museum (Lovaina).

Atal bakoitzeko irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Bideoak (1)