Itxiera iragarri ostean
Chillida Lekuk bere ateak itxi ditu, akordioaren esperoan
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza eta Chillida familia museoaren etorkizunari buruz aritu dira berriz, baina horrek ez du itxiera ekidin.
Gaur, eguerdian, itxi dute Chillida Leku. Azken egunotan jendez gainezka egon da eta ilarak egon dira museoaren areto ezberdinetara sartzeko. Abenduaren 1ean iragarri zuten Chillida Lekuren itxiera, instituzioekin abian zeuden negoziazioak bertan behera utzi ostean.
Eusko Jaurlaritza eta Chillida familia museoaren etorkizunari buruz aritu dira aste honetan berriz, baina horrek ez du itxiera ekidingo.
Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Gasteizen azaldu duenez, iragan astelehenean familia eta Jaurlaritza bildu egin ziren eta familiak ez zuen gobernuak museoaren egoera bideratzeko luzatutako proposamena "gustoko". Museoaren kudeaketari buruzkoa eta lanen erosketari buruzkoa izan zen proposamena.
Akordioa "laster" etorri behar dela esan du Riverak, baina "ondo" egin behar omen da batez ere. Konponbidea "zaila" dela onartu du Riverak, batez ere jabetzari buruzkoak, lanen balioa dela eta, eta azpiegituren konplexutasunagatik.
Luis Chillida museoaren zuzendaria eta euskal artistaren semea Radio Euskadiko Boulevard saioan izan da aste honetan eta esan duenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin negoziatzen jarraitzen dute museoaren itxiera ekiditeko. Larunbatean izango da hori.