Urtarrilaren 7an eta 8an
'Historias canallas': Umorea eta poesia, Gasteizko Principal Antzokian
Erredakzioa
Kunka Gasteizko antzerki taldeak 21 istorio biltzen dituen antzezlana taularatuko du datozen egunotan. Komedia, poesia eta zuzeneko musika uztartzen ditu.
Asteburu honetan Historias canallas antezlana taularatuko du Kunka Gasteizko antzerki taldeak Arabako hiriburuko Principal Antzokian. Bizitzan oinarri ditugun gaiak aztertzen ditu lan berri honek.
Emozio anitzez osatutako antzezlana da Historias canallas, komedia kritiko eta garratza uztartzen baitu poesiarekin. Hogei bat istoriok osatzen dute lana, eta, hainbat pertsonaiaren eskutik, barretik negarrera eta malkoetatik berriro irribarrera egingo dugu salto, modu poetiko batean.
Eloi Beatoren zuzendaritzapean hiru aktore izango ditugu taula gainean: Ángeles Argudo ''''Txeles'''', Josean de Miguel eta Eloi Beato bera. Gure bizitzan konplexu eta oinarrizkoak diren alderdiei buruzko joan-etorriko istorioa da Kunkaren azken proposamena: amodioa eta horren falta, garaipena eta porrota, jaiotza eta heriotza dira oinarrizko osagaiak.
Gainera, zuzenean joko duen musikari bat ere izango dute eszenatokian lagun. Alex Ruiz de Azúa artistaren eskutik iritsiko da lan honetako soinu banda.
Hitzordua ostiralean eta larunbatean dugu: hilaren 7an 20:30ean, eta urtarrilaren 8an 20:30ean eta 23:00etan.