Itxi

Aurten, martxoan

Nazioarteko konpainiak berriz ere Dferian

Erredakzioa

Martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute Donostiako arte eszenikoen jaialdia. Egun bat gehiago izango dugu, beraz, aurten, programatu dituzten 20 ikuskizunez gozatzeko.

Estatuko eta nazioarteko antzerki eta dantza konpainiak hartuko ditu berriz Dferia azokak. 2010a trantsizio urtea izan zen Donostiako arte eszenikoen jaialdian, eta Euskadiko konpainiek bakarrik hartu zuten parte edizio laburrago batean. Egoera hori gaindituta, aurten martxoan egingo dute azoka (martxoaren 14tik 17ra zehazki), eta joan den urtean baino egun bat gehiago izango du. Guztira 20 ikuskizun taularatuko dituzte.

Dferia 2011 jaialdiaren aurkezpenean antzerki eta dantza azoka ''''berri'''' baten aldeko apustua egin du Denis Itxaso Donostiako Kultura zinegotziak. ''''Joan den urteko edizioa konpromisozkoa izan zen. Bertan behera uztea ere pentsatu genuen, eta azkenean hiru egun kendu genizkion''''. Horri aurre egiteko aurten edizio ''''berria'''' jarri nahi izan dute martxan, kaleko ikuskizunak baztertuz eta eszenatokietara bakarrik mugatuz.

Programatutako ikuskizunen artean hauek azpimarratu dituzte: Hotel Splendid lan korearra (emakume korear batzuen istorioa dakarkigu, Bigarren Mundu Gerran girotuta), No me hagas daño Donostia hiriko Kutxa sariduna (emakumeen aurkako indarkeria du hizpide), Manta Frantziako antzezlana (islamiar beloaren inguruan) eta Alejandrías (Alejandro Magnoren istorioa, egungo flamenkoa lantzen duen ikuskizun batean).

Victoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean eta Lugaritz eta Egia kultur etxeetan taularatuko dituzte ikuskizunak, eta sarreren prezioa 10 eta 15 euro bitartekoa da.

Albisteak (2)