Doako bisitak
Apirilaren 2an irekiko ditu ateak Donostiako San Telmo museoak
Erredakzioa
Ate irekiko 2 jardunaldi egingo dituzte, apirilaren 2an eta 3an, aldi baterako ikus-entzunezkoerakusketa batekin. Litekeena da erakusketa iraunkorra eta gainerako espazioak apirilaren 17an irekitzea.
Apirilaren 2an eta 3an inauguratuko dute Donostiako San Telmo museo berria. Ate irekiko bi jardunaldi antolatu dituzte egun horietarako, doako sarrerarekin. Aldi baterako ikus-entzunezko erakusketa bat izango da ikusgai museoan egun horietan.
Inaugurazio ekitaldiak, dena den, egun batzuk lehenago hasiko dira: martxoaren 28an patroi eta laguntzaile diren erakundeetako arduradunekin
ekitaldi ofiziala egingo dute. Museoaren behin betiko irekiera 15 egun geroago izango da: apirilaren 17rako aurreikusi dute erakusketa iraunkorraren eta gainerako espazioen inaugurazioa.
Odon Elorza Donostiako alkateak eman du irekiera egutegiaren berri, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko akordioaren sinatze ekitaldian. Sinatu berri duten hitzarmenean jasotzen denez, urtero 350.000 euroko ekarpena egingo dio Aldundiak museoari, bost urtez. Ekarpen honen bidez aldi baterako erakusketak eta bestelako jarduerak finantzatuko dira.