Itxi

Bilboko Arriaga Antzokian

'Palabras en la barriga': haurrentzako opera, ABAO Txikiaren eskutik

Erredakzioa

Umeak operaren mundura hurbiltzea helburu duen obra hau Bilboko Arriaga Antzokian izango da martxoaren 14ra bitartean. Gainera, Leioa Kantika Korala abesbatza ere oholtza gainean arituko da zuzenean.

Gazteei operaren mundua hurbiltzea dute helburu Bilboko Arriaga Antzokiaren eta ABAO-OLBE Txikiren artean antolatutako antzezlanek. Lankidetza honen beste emaitza izango dugu ikusgai Arriaga Antzokian martxoaren 14ra bitartean: Palabras en la barriga, osagai artistikoaz eta didaktikoaz osatutako opera, hain zuzen ere.

Zortzi urtetik gorako publikoari zuzendutako dago, operarekiko zaletasuna pizteko eta horren inguruan irakasteko. Hizkuntza erraz batean idatzitako bi anai-arreben istorioa du mintzagai. Hauek Maliko tribu baten kondaira aurkitu dute liburu batean: denok ditugu sabelean zenbait hitz eta horiek guztiak ateratzea lortzen dugun denbora baino ez da gure bizitza.

Oholtza gainean Itziar de Unda sopranoa, Marife Nogales mezzosopranoa eta Axier Sanchez baritonoa arituko dira zuzenean. Musika BIOS ORKESTRA-Bizkaiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik etorriko zaigu, Vasco Negreiro portugaldarra operaren musikagileak berak zuzenduta. Gainera, Leioa Kantika Koralaren ahots gazteak ere izango dira entzungai.

Juva Batella brasildarrak idatzitako El niño que guardaba las palabras en la barriga ipuinean oinarrituta dago ABAO-OLBE Txikiren opera.