Jaialdia
Koreako konpainia batekin, hasiera Dferiari
Erredakzioa
Lehen jardunaldi honetan, Dantzaz konpainiak 'Mintzo' ikuskizuna aurkeztu du, eta Helena Golaben 'Black Diamond' Victoria Eugeniako Club aretoan izan da ikusgai.
Donostiako Dantzaz Konpania taldeak ireki du astelehen honetan dFeria 2011. Egiako Gazteszena aretoan Mintzo ikuskizuna eskaini dute. Euskadin bizi den Helena Golab dantzari poloniarrak Black Diamond ikuskizuna ere taularatu du lehen jardunaldi honetan, baina Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan. Antzerkiaren esparruan, Koreako Cho-In Theatre taldearen Hotel Splendid eta Hortzmuga euskaldunen La Espera antzezlanak izan dira ikusgai.
Lehen lau proposamen hauekin eman diote hasiera Dferia 2011 Donostiako arte eszenikoen jaialdiari, baina ostegunera arte egongo da zer ikusi Gipuzkoako hiriburuan. Estatuko eta nazioarteko antzerki eta dantza konpainiak izango dira berriz Donostiako jaialdian, 2010eko trantsizio urtearen ondoren. Euskadiko konpainiek bakarrik hartu zuten parte joan den urtean, edizio laburrago batean; baina, egoera hori gaindituta, aurten joan den urtean baino egun bat gehiago izango du azokak eta guztira 20 ikuskizun taularatuko dituzte.
Dantza garaikidea izango da programako oinarrietako bat. Horrela, Euskadin aurten sortu dituzten dantza ikuskizunen adierazgarri diren bost proposamen berritzaile ikusteko aukera eskainiko du Dferia-Dantzan 2011 programak, Donostiako eszenatoki ezberdinetan. Asteartean Natxo Montero koreografoaren txanda izango da, Carni di prima qualitá ikuskizunarekin. Jon Maia buru duen Kukai Dantza Konpainiak Karrikan lana ere estreinatuko du bihar. Oraindik lan honen sorkuntza prozesuan murgilduta daude, baina bertako hiru pieza aurreratuko dituzte Donostian. Hilaren 16an bukatuko da dantza programa, Noemí Viana arabarraren Menú del día proposamenarekin. Madrilen saritu berri dute Viana, eta bere pieza laburrenen bilduma aurkeztuko du.