Martxoak 22 - irailak 9
Guggenheimek 'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' erakusketa hartuko du
Agentziak | Erredakzioa
Hizkera iradokitzeko erabiltzen duen estatubatuar artistaren erakusketak hainbat proiekzio aurkeztuko ditu museoaren fatxadan, besteak beste.
Guggenheim Bilbao Museoak ‘Jenny Holzer. Zera deskribaezina’ erakusketa hartuko du martxoaren 22tik irailaren 9ra, “gaur egungo artista nabarmenetako baten obra osoan” zehar eginiko ibilbidea. Bilduma horrek hainbat lan berri aurkeztuko ditu, tartean martxoaren 21etik 30era gauero museoaren fatxadan ikusi ahalko diren argi proiekzioak.
Arte zentrotik gogora ekarri dutenez, Holzerren lana museoa ireki dutenetik ikusi ahal izan da Bilbon. Bilborako instalazioa (1997) atrioan dagoen artelana hamabi metroko bederatzi argi zutabek osatzen dute, eta eraikinaren inauguraziorako sortu zuen.
40 urteko ibilbidean Holzerrek plazaratu dituen hausnarketa, ideia, argumentu eta kezkak makina bat instalaziotan aurkeztuko zaizkio bisitariari, betiere gizarte dimentsioa izateko xedez. Hizkera du bitarteko, kamiseta batean, plaka batean, margolan batean edo led argien bitartez erakutsi gorabehera.
Holzerren helburua da ikuslea nahastea, eta espazio iradokitzaileak sortzen ditu horretarako, erantzun bat, pentsamendu bat edo jarrera aldaketa bat eragin nahian, egilea bigarren maila batean utzita. Horretarako, hizkera “zuzen, zehatz eta eztenkaria” erabiltzen du.