Bilduma pribatua
Museoa 'betiko' itxiko dutela iragarri du Chillida familiak
Erredakzioa
Ez dute instituzioekin akordiorik lortu museoaren jarduerarekin jarraitzeko eta espazioa bilduma pribatu bezala mantenduko dute.
Eduardo Chillida eskultorearen familiak Hernaniko Chilida-Leku "publikoari betiko" itxiko dutela iragarri du gaur, baina bilduma pribatu bezala mantenduko dute. Ez dute instituzioekin akordiorik lortu eta ez du museo bezala jarraituko.
Langileei beraien egoeraren berri eman zaie eta eskultorearen lanak Zabalagako lursailean mantenduko dituzte "ikertzaileek aztertzeko", baina ez da publikoari irekita izango.
Chillida Lekuk 2010eko abenduaren 31n itxi zituen bere ateak, instituzioekin negoziazioari ekiteko esperantzarekin.
"Instituzioek museoaren izaera monografikoa" jarri omen dute zalantzan, beti Chillida familiaren esanetan, eta hori da "bere oinarri garrantzitsuenetariko bat, duela 10 urte ireki" zutenetik.
Agiri batean esan dutenez, hiru baldintza "oso argi" zeuden mahai gainean, artistak berak hala jakinarazi zuelarik. Lanak "gaur egun dauden lurretan bertan mantentzea" zen beste baldintza bat, eta azkenean hala izango dela ematen du, Zabalagako lursailean izango dira eskulturak.