Museoa
Artiumen zuzendaritza berriak Aholku Kontseilu Zientifikoa izango du
Agentziak | Erredakzioa
Besteak beste Reina Sofia Madrilgo museoaren zuzendariak osatuko duen organo horrek museoaren berri nazioartean zabaltzen lagunduko dio Beatriz Herraez buru duen zuzendaritza berriari.
Artium Gasteizko museoak hiru adituk osatutako Aholku Kontseilu Zientifikoa izango du, Beatriz Herraez arte garaikideko zentroaren zuzendari berriak gaur, ostegunarekin, Arabako Batzar Nagusietako Euskara, Kultura eta Kirol batzordean eginiko agerraldian iragarri duenez.
Artiumeko zuzendariak duela bi hilabete eta erdi hartu zuen kargua, eta bere helburua da museoa “sortzeko eta dibertsitaterako toki gisa” hartzea, “esperientzia konplexuak garatzeko eta modu berrien bidez ikasteko espazioa” izan dadin eta “jakinduria sustatu” dezan.
Xedeetako bat atzerrian bere proiektuak koordinatzea da, museoa nazioartean ezagun egite aldera, eta, horretarako, Aholku Kontseilu Zientifikoa sortu dute, zeina Manuel Borja-Villel Reina Sofia Madrilgo museoaren zuzendariak, Txus Martinez Basileako (Suitza) Unibertsitateko Arte Ikastegiaren zuzendariak eta Philippe Pirotte Städelschule Frankfurteko (Alemania) Arte Ederren Estatu Unibertsitateko errektoreak osatzen baitute.
“Hiru pertsona horiek aholku kontseilu bat sortuko dute, proiektua garatzen lagunduko diguna, baina, era berean, Artiumen izena atzerrira eramango dute”, azpimarratu du Herraezek.
Hurrengo bost urteetarako beste helburu bat Artium euskal kultur politikaren ardatz funtsezkoa bihurtzea da, eta Euskal Herriko beste zentro batzuekin lankidetzan arituko dira horretarako. Gainera, dibertsitatearekin konpromisoa izango duen proiektua garatu nahi dute, baita genero, arraza edo klaseagatik eginiko bereizkeriak bukatzea ere.
Azkenik, Artiumek euskal sortzaileen lana bultzatzen jarraituko du, nola behin-behineko erakusketetan hala beraien lanak erosiz, museoaren ondarea handitzeko.