Otsailaren 27tik aurrera
Euskal artistek beren lana erakutsiko dute Arcon
eitb.eus
Bigarren urtez jarraian, Carreras Mugica Bilboko galeria izango da euskal ordezkari bakarra. Nolanahi den, beste hainbat euskal artistaren lana egongo da ikusgai.
Otsailaren 27an, asteazkenarekin, Arco arte garaikidearen Madrilgo nazioarteko azoka hasiko da, eta martxoaren 3ra bitarte iraungo du. Euskal Herriko arte galeria bakarra izango da bertan, aurten: Carreras Mugica bilbotarra. Baina hainbat euskal artistak ere euren lanak eramango dituzte Madrilera, beste galeria batzuen eskutik.
Carreras Mugicak azokan jarriko duen erakustokian artista hauen lanak aurkeztuko dituzte: Bilboko June Crespo, Erlea Maneros Zabala, Jon Mikel Euba eta Txomin Badiolarenak; Itziar Okariz eta Juan Perez Agirregoikoa donostiarrenak; Olaztiko Ángel Badosenak; Asier Mendizabal ordiziarrarenak; Pello Irazu andoaindarrarenak; Hondarribiko Sergio Pregorenak eta Barakaldoko Raul Dominguezenak, Euskal Herri mailan. Horrez gain, Angela de la Cruz coruñarrarenak eta San Frantziskon jaiotako Richard Serrarenak ere egongo dira ikusgai, baita Eduardo Chillidaren obraren bat ere.
Azokan, gainera, beste hainbat galeriaren eskutik, euskal sortzaile gehiagok ere izango dituzte euren lanak ikusgai: Kepa Garraza, Mari Puri Herrero edota Alain Urrutia bilbotarrek; Esther Ferrer, Maider Lopez eta Cristina Iglesias donostiarrek; edota Manu Muniategiandikoetxea bergararrak, besteak beste.
Polemika
Espainiako hiriburuko IFEMA azoka-barrutian urtero antolatzen den Arco azokaren aurtengo edizioan, 30 herrialdetako 203 galeriak hartuko dute parte, eta polemika izan da berriz lehen egunetan, Santiago Sierra eta Eugenio Merino artistek Felipe VI. Espainiako erregearen lau metroko eskultura paratu baitute azokan. ‘Ninot’a 200.000 euroan erosten duenak urtebetegarrenera su emateko konpromisoa hartu beharko du, kontratu baten bidez.