Itxi

Polemika

Instituzioek apurtutzat eman dute negoziazioa Chillida familiarekin

Erredakzioa

Museoa saldu ostean, oinordekoek beto eskubidea mantendu nahi zuten programazio artistikoan, eta hori izan da desadostasun nagusia. Negoziazioa betiko ixteko erabakiarekin bat dator Chillida familia.

Iragan ostiralean Chillida familiak "itxiera definitiboa" iragarri ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak balorazioa egin dute. "Haustura zakarra" izan dela adierazi dute eta oinordekoei egindako eskaintza bertan-behera gelditu dela gaineratu dute, ez baitute kontaktu berririk egiteko asmorik, horretarako "denbora behar" baita.

Blanca Urgell Kultura sailburua eta Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua izan dira prentsaurrean Donostian eta beraien "ustekabea" eta "atsekabea" azaleratu dute, "errespetua, zuhurtasuna eta konfidantza oinarri zuten negoziazioa jarri baitzen martxan", beraien ustez.

"Zaila" da ulertzea, beraien ustez, arazoa museoa eskuratzeko egindako eskaintza izatea (80 milioi eurotan baloratu baitute). Desadostasun nagusia honakoa zen instituzioek jakinarazi dutenez: museoa instituzioei saldu ostean, oinordekoek beto eskubidea mantendu nahi zuten programazio artistikoan. Gainera, zuzendaritza berriaren erabakietan parte hartu nahi zuten.

Urgellek eta Aranburuk esan dutenez, erosketa bat izan behar zen eta ez dohaintza bat, hortaz, ezinezkoa zen beto eskubidea planteatu. Halere, Eduardo Chillidaren lanaren promozio, zabaltze eta baloraziorako konpromisoa "indartsu eta iraunkorra" dela esan dute instituzioetako bozeramaileek.

Urgellek "frustrazio sentimendu mingarri bat" duela aitortu du, negoziazioan jarritako "ordu", "eskuzabaltasun" eta "arreta" guztiek espero ez zuten amaiera izan dutelako. "Inoiz" ez omen dute Hernaniko museoaren irekiera ez den beste hipotesirik erabili.

Chillida familia, negoziazioa betiko ixteko erabakiarekin bat
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako adierazpenen ondoren, Chillida familiak ohar labur bat kaleratu du. Idatzian, Chillida Leku museoaren inguruko negoziazioa betiko ixteko erabakiarekin bat datozela adierazi dute, eta eztabaidako puntuen inguruan inolako azalpen edo ñabardurarik egiteko asmorik ez dutela ere gaineratu dute. ''Etorkizunera begira gaude, eta ez iraganera. Chillida Leku Eduardo Chillidaren ondarea zainduko dugu, eta artistaren lanaren adituek bisitatu ahal izango dute'', gaineratu dute.

Albisteak (3)

Bideoak (1)