Museoa
Salgai daude Chillida Leku bisitatzeko sarrerak
Agentziak | Erredakzioa
Apirilaren 17an berriz irekiko duten museorako sarrera orokorren prezioa hamabi eurokoa izango da.
Chillida Leku, apirilaren 17an berriz irekiko duten Hernaniko museoa, bisitatzeko sarrera aldez aurretik eros daiteke dagoeneko, euskal eskultoreari eskainitako museoaren webgunearen bitartez.
Chillida Lekuk ohar batean azaldu duenez, sarrera orokorraren prezioa hamabi eurokoa izango da, eta 65 urtetik gorakoek, hamar kidetik gorako taldeek eta ikasleek hamar euroren truke erosi ahalko dituzte.
Urritasunen bat dutenentzat, langabeentzat eta 18 urtetik beherakoentzat, sei eurokoa izango da txartelen salneurria, eta zortzi urtetik beherako neska-mutikoak doan sartu ahalko dira Chillida Lekun.
Lehen urtean zehar, urteko bonua egongo da erabilgarri, 30 euroan (merkeagoa, hainbat baldintza betetzen dituztenentzat), zabalik dagoen guztietan museoan sartu ahal izateko, dendan beherapenak izateko eta beste hainbat abantaila baliatu ahal izateko.
Apiril eta irail artean, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; azaro eta otsail artean 18:00etan itziko dute; eta urri eta martxo artean, 19:00etan.
Astearteetan itxita egongo da, jaieguna edo zubia izan ezean.