Ibarrolaren lana
Omako Basoa itxi dute, pinuek gaixotasun bat baitute
Agentziak | Erredakzioa
Unai Rementeriak Radio Euskadin azaldu duenez, basoa “gaixorik” dago. “Aste Santuan ez da irekita egongo, azterketak egin behar baitira”, azaldu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Omako Baso Margotua, Agustin Ibarrolaren lana, itxita dago publikoarentzat eta oraindik ezin da zehaztu noiz irekiko duten berriz, pinuek “banda marroia” izenarekin ezaguna den gaixotasuna baitute.
“Basoa gaixorik dago”, baieztatu du gaur, ostegunarekin, Radio Euskadin Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Haren hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero ixten du basoa, mantentze lanak egiteko, eta, azkenekoan, “banda marroia” izenez ezaguna den gaixotasuna eragiten duen onddoa atzeman zuten. Zuhaitz kaltedunetan uzten duen koloreagatik esaten diote horrela eritasun horri.
Rementeriak azaldu du zuhaitzak aztertzen dihardutela oraindik, zer kalte duten neurtzeko eta dagozkien neurriak hartzeko, eta hilabete bat edo bi beharko dituzte horretarako.
Denbora horretan, Omako Baso Margotua itxita egongo da.
“Aste Santuan ez da irekita egongo azterketa hori guztia egin behar delako”, errepikatu du Rementeriak.
“Ondare kultural berdingabea” da Omako Basoa, Rementeriaren hitzetan, eta, hori dela eta, azterketa zehatza egin behar da.