Itxi

Chillida Leku

Urkullu: 'Artista aparta eta unibertsal batek sortutako lekua da Chillida Leku'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hernaniko museoa gaur ireki dute berriz, Mireia Massagueren zuzendaritzapean. Hasiera ekitaldian erakundeetako ordezkari ugari izan dira.

Chillida Lekuren inaugurazioaren ekitaldi ofiziala. Argazkia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "kulturaren eta eskulturaren munduak gune zoragarri hau berreskuratzea ospatu behar dugu. Artista aparta eta unibertsal batek amestu, asmatu eta sortutako leku bat da. Eduardo Chillidaren utopiak bere ateak ireki ditu berriz ere".

Adierazpenok Chillida Leku berriz zabaltzeko ekitaldi instituzionalean egin ditu Urkulluk. Hernanin izan dira, halaber, Jose Guirao Espainiako Kultura eta Kirol ministroa, Mireia Massague museoko zuzendari berria eta Luis Chillida artistaren semea, familiaren ordezkari gisa.

Hasiera ekitaldia Zabalaga baserriaren barruan egin dute, 'Tolerantziari Monumentua'ren alboan, eta erakundeetako ordezkari ugari izan dira bertan.

Urkulluk gogoratu nahi izan du Eduardo Chillidak denbora luzean amestu zuela Chillida Leku: "Eduardo Chillidak berak adierazi zuen aspaldi bere ametsa. 'Utopia bat amestu nuen behin: nire eskulturak kokatzeko leku bat sortzea eta jendea horien artean ibiltzeko aukera izatea', esan zuen.

"Chillida Lekuk utopia hori errealitate bilakatzen du. Eta ateak ireki ditu Eduardo Chillidaren obra bisitatzeko, horien artean ibiltzeko eta bere lana sentitzeko. Artistaren lana ikertzeko, testuinguruan jartzeko eta horren zabalkundea egiteko", esan du lehendakariak.

Izan ere, etapa berri honetan, Hauser & Wirth galeriaren eskutik, Chillida Lekuk eskultore donostiarraren lana ikertu nahi du, beste artista batzuen lana Euskadira ekarri nahi du Eduardo Chillidaren obra testuinguruan jartzeko eta, era berean, hedatu nahi du.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, azkenik, nabarmendu nahi izan du kulturak izan duen protagonismoa Euskadik munduan duen irudia aldatzeko eta, horrekin batera, Eduardo Chillida bezalako euskaldun unibertsal baten konpromisoa bere herriarekin gogoratu du. "Bere ametsa egia bilakatzen da eta gure kultura mundura zabaltzen da. 'Zuhaitzaren antzerakoa naiz. Sustraiak herrian ditut, baina adarrak munduari zabalik ditut', adierazi zuen. Asko daukagu eskertzeko Eduardo Chillidari eta bere familiari. Chillida Leku lekuko bizia da”.

Bestalde, Chillida Lekuren berpizkundearekin familiak bizi duen "emozioa" azpimarratu du Luis Chillidak. "Lehen mailako museo bat izateko lehen pausua izan dezala espero dut", esan du. "Lehen etapa honek itxaropena ematen digu eta harrituta utziko gaitu, zalantzarik gabe".

Mireia Massaguek "proiektu kultural garrantzitsu horretan aurrera jarraitzeko aukera" eskertu du. "Chillida Leku Gipuzkoako eta EAEko balore handienetariko bat da", gaineratu du.

Bestalde, "kulturaren ikuspuntutik" Espainiako Gobernuarentzat Chillida Leku berriro zabaltzea "oso berri ona da", Espainiako Kultura eta Kirol ministroaren arabera. Jose Guiraoren hitzetan, "toki gutxik adierazten dute gurean artearekiko amodioa; artearen eta naturaren arteko batasuna, hori baitzen Eduardo Chillidaren gogoa".

Albisteak (3)