Erakusketa
Antonio Lopezen 140 artelan, Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan
Erredakzioa
Bilboko Arte Ederren Museoan ere izango da erakusketa ikusgai, urritik aurrera. XX. mendeko espainiar errealismoan maisua da Lopez, eta bizirik dauden artisten artean preziatuena izan zen 2008an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Antonio Lopez margolariaren 140 artelan daude ikusgai Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan. XX. mendeko espainiar errealismoan maisua da Lopez askorentzat, eta bere lanaren atzera begirakoa da ireki berri duten bilduma hau. 50eko eta 60ko margolanekin batera, azken bi hamarkadetan sortutako lanak ere daude ikusgai, tartean olio-pinturak, marrazkiak eta eskulturak. Lan hauetan, ohikoak dituen gaiak jorratu ditu artistak: barne espazioak, giza irudia, fruta-konposizioak, paisaiak eta hirietako bistak, bereziki Madrilgoak.
Inguruan duen errealitateari erreparatu eta bere lanetan islatu ditzakeen eguneroko elementuak lantzen ditu Lopezek. Patxadaz eta gogoeta eginez egiten du lan, irudikatu nahi duen objektu eta paisaia horren muina bilatu nahian.
Erakusketa irailaren 25era arte egongo da ikusgai Madrilen, eta, urrian, Bilboko Arte Ederren Museora iritsiko da.