Hernani
Chillida Leku ekainaren 20an irekiko dute berriro, dantza-ikuskizun batekin
Agentziak | Erredakzioa
Ekainean, museoa larunbat eta igandeetan egongo da irekita, 10:00etatik 16:00etara, eta uztailean eta abuztuan ostiraletik astelehenera, 10:00etatik 16:00etara ere.
Hernaniko Chillida Leku museoaren ateak ekainaren 20an zabalduko dituzte berriro, COVID-19ak eragindako konfinamenduaren ondoren, udako solstizioa ospatzeko dantza-ikuskizun batekin. Hernaniko Udalarekin elkarlanean antolatu dute ekimena.
Chillida Lekuko iturriek prentsa-ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ekainean, museoa larunbat eta igandeetan egongo da irekita, 10:00etatik 16:00etara, eta uztailean eta abuztuan ostiraletik astelehenera, 10:00etatik 16:00etara ere.
Ekainaren 20ko ekitaldiari dagokionez, Myriam Perez Cabezonen konpainiak 'Iceberg' dantza garaikideko lana aurkeztuko du. Koreografoaren eta Nagore Legarreta argazkilari hernaniarraren arteko elkarrizketatik sortutako muntaia koreografikoa da.
Pertsonen arteko segurtasun-tarteari eusteko, ikuskizunaren bi saio izango dira, 25 minutukoak biak, 12:00etan eta 20:00etan, eta bakoitzerako 200 sarrera izango dira.
Egun horretan, museoa 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, bisitariek museo osoa bisitatzeko eta Lurra Cafe erabili ahal izateko; azken hori egun berean irekiko dute.
Aurreko egunean, ekainaren 19an, museoa harpidedunentzat bakarrik irekiko dute. Urte osoko harpidedun direnek bina lagunekin bisitatu ahal izango dute museoa, arratsaldean, publikoari ireki aurretik. Bisitariek eta langileek garbitasuna eta edukiera mugatzeko protokolo guztiak beteko dituzte.
Ekainaren 20ko ikuskizunera joateko eta Chillida Leku uda honetan bisitatzeko sarrerak museoaren web orrian daude salgai; Hernaniko Udaletxean ere erosi ahal dira.