Itxi

130 lan

Antonio Lopezen lana, Bilboko Arte Ederren Museoan

Erredakzioa

Bilboko museoak Tomellosoko artistaren 130 margolan, marrazki eta eskultura hartzen ditu. 50 urteko baino gehiagoko ibilbidea laburtzen duen atzera begirakoa urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilboko Arte Ederren Museoak Antonio Lopezen 130 margolan, marrazki eta eskulturak osatutako erakusketa ireki du. 1953 eta 2011 bitartean sortutako artelanak dira.

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoak elkarrekin ekoitzitako erakusketa da, eta Espainiako hiriburuan arrakasta handia lortu ondoren iritsi da Bilbora. Ekainaren 25etik irailaren 15era bitartean 318.000 lagunek bisitatu zuten atzera begirakoa Thyssen museoan.

50 urteko baino gehiagoko ibilbidea laburtzen duen bilduma da, eta artistak berak ''modu zehatz eta harrigarri batean'' ikusten du bere jarduera bertan islatuta. Muntaiarekin ''erabat liluratuta'' eta ''poz-pozik'' dagoela esan du Lopezek. ''Nire buru barrenera eta erraietara bidaia da erakusketa. Nire ibilbide artistikoaren izaera osoa dago hemen'', gaineratu du.

Ikusgai dauden lanen artean, Madrilgo Kale Nagusiaren inguruko zazpi margolan nabarmendu dituzte. Artistaren estudiotik zuzenean iritsi dira Arte Ederren Museora, eta estreinakoz daude ikusgai.

XX. mendeko espainiar errealismoan maisua da Lopez (Tomelloso, 1936), askoren ustez. Inguruko errealitateari erreparatu eta bere lanetan islatu ditzakeen eguneroko elementuak lantzen ditu Lopezek. Patxadaz eta gogoeta eginez egiten du lan, irudikatu nahi duen objektu eta paisaia horren muina bilatu nahian. Lopezek barnealdeak landu ditu, giro fantastikokoak nahiz eguneroko bizitzakoak, baita gizakia, paisaiak eta hirietako ikuspegiak (esaterako, Madril eta Tomelloso). 

18 urte zeramatzan Antonio Lopezek erakusketarik egin gabe, eta bilduma honek  "ikuspuntu desberdinetatik" irudikatzen du artista. Guillermo Sola Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoko zuzendari artistikoaketa Maria Lopez margolariaren alabak prestatu dute Bilbora iritsi den bilduma.

2012ko urtarrilaren 22ra bitartean egongo da ikusgai.

Albisteak (3)

Bideoak (1)