'Van Gogh: bizitza'
Van Goghek ez zuen bere buruaz beste egin, biografia baten arabera
Erredakzioa
Steven Naifeh eta Gregory White Smith 1990eko Pulitzer sariaren irabazleak dira lanaren egileak. Horien arabera, gazte batek nahi gabe egindako tiro baten ondorioz hil zen margolaria.
Hori da 'Van Gogh: bizitza' lan berriak ezagutzera eman duen ustekabeko datuetako bat. Steven Naifeh eta Gregory White Smith 1990ean Pulitzer saria irabazi zuten idazleen lana da biografia, eta hamar urtez margolariaren bizitza ikertzen aritu ondoren kaleratu dute. Amsterdameko Van Gogh museoarekin elkarlanean aritu izan dira urte hauetan.
Milaka dokumentu eta liburu miatu ondoren, Van Goghek bere buruaz beste egin ez zuela adierazi dute egileek. Beren ustetan, René Secrétan 16 urteko mutikoak nahi gabe egindako tiro batek jota hil zen margolari ezaguna. Margotzeko helburuarekin Van Goghek bisitatu ohi zuen gari landa batean egin omen zuen margolariak topo 'far west'a burutik kendu ezin zuen mutikoa, bakeroz jantzita. Mutikoak 380 kalibreko arma zeraman aldean, hondatuta, eta, berau erabiltzen ari zela, margolaria tiroz jo zuen, nahi gabe. Biografiaren arabera, tiroa jaso ondoren, Ravoux ostatura balantzaka iritsi zen Van Gogh, eta bertan zendu zen, 30 ordu geroago.
Berez buruaz beste egiteko asmoa ote zuen galdetuta, ''baietz uste dut'' erantzun omen zuen Van Goghek, eta, erantzun hori René Secrétan defendatzeko eman zuela uste dute egileek, margolariak aurretik ezagutzen baitzituen mutikoa eta haren anaia.
Steven Naifeh eta Gregory White Smith idazleen esanetan, suizidioaren bertsioak ez omen du bat egiten Van Goghen izaerarekin (bere eskutitzetan 'koldartzat' jo omen zuen nork bere burua hiltzea). Era berean, tiroaren norabidea ez dator bat suizidioarekin, egileen azterketen arabera.
Inoiz ez zuten arma aurkitu, ezta ustez margotzeko helburuarekin zelaira eramandako astoa eta pintzelak ere.