XXXII. edizioa
Ostegun honetan abiatuko da Santurtziko Antzerki Jaialdia
Erredakzioa
Guztira, 16 ikuskizun taularatuko dituzte. Besteak beste, Gemma Cuervo, Emilio Gutierrez Caba, Maria Adanez eta Rafael Amargo izango dira Santurtzin, azaroaren 26ra arte.
Ate joka dugu Santurtziko Antzerki Jaialdiaren XXXII. edizioa. Urriaren 27tik azaroaren 26ra bitartean, 16 ikuskizun eskainiko dituzte, eta, besteak beste, Gemma Cuervo, Emilio Gutierrez Caba eta Maria Adanez aktoreak eta Rafael Amargo dantzaria izango dira aurten Santurtzin.
Amargok 'Solo y Amargo' ikuskizunarekin itxiko du aurtengo edizioa. Baina, aurretik, egongo da zer ikusi Santurtzin: 'La escuela de la desobediencia' (Maria Adanez eta Cristina Marcos), 'La Celestina' (Gemma Cuervo), 'Dracula' (Emilio Gutierrez Caba eta Ramon Langa) eta 'Una jornada particular' (Rafael Calatayud eta Victoria Salvador) ikuskizunez gain, Kukubiltxo taldearen azken lanaren estreinaldia ere hartuko du Santurtziko jaialdiak: 'Inorako Bidaia' euskarazko antzezlanaren erabateko estreinaldia egingo dute edizio honetan.
Granhoj Dans Danimarkako taldeak 'Dance me to the end on/off love' ikuskizuna ekarriko du geurera, Leonard Cohen abeslariaren lanean oinarritutako antezlana; eta Mozarten 'La Flauta Magica' ('Die Zauberflöte') ikusteko aukera ere egongo da.
Txikienek ere izango dute non aukeratu: Hika Teatroa taldearen 'Ilargiaren bi aldeak' euskarazko antzezlana eta Piazza Docassionne Italiako taldearen 'Barroco' ikuskizunak programatu dituzte haurrentzat.
'Sensormen' (Yllana), antzerkia, zirkoa eta musika uztartzen dituen 'Plecs' ikuskizuna, 'Time al Tiempo' (Ron Lalá), 'André y Dorine' (Kulunka Teatro), 'Torvaldo Furioso' (Inma Nieto eta Julio Cortazar), eta 'Los peces no vuelan' (Mona Ilustre) lanak ere proposamenen artean daude.