Itxi

Erakusketa

Bigarren Mundu Gerrak astindutako artistak, Guggenheim museoan

Erredakzioa

Museoaren ondasunak erakusteko helburuarekin 2009an abiatutako zikloaren bigarren bilduma da. 2012ra arte egongo da ikusgai.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II' erakusketa ireki berri dute Guggenheim museoan. Horretan, Christian Boltanski, Anselm Kiefer, Jannis Kounellis, Richard Long, Gehrard Richter, Francesc Torres eta Georg Baselitz artisten lanak bildu dituzte, belaunaldi horretako sortzaileen pentsamoldearen konplexutasuna erakusteko. Museoaren ondasunak publikoari erakusteko helburuarekin 2009an abiatutako zikloaren bigarren bilduma da, eta 2012ra arte egongo da ikusgai.

Beren lana 1950etik gaur egunera arte garatu duten 69 artistaren 113 artelan adierazgarri ditu museoak. Horietatik heren bat Euskadiko eta Espainiako artisten lanak dira.

Petra Joos erakusketako komisarioak azaldu duenez, II. Mundu Gerrak astindutako europar artistak aukeratu dituzte, aztoramen politiko handia nagusi zela jaiotako artistak, neurri handi batean.

Joosen ustez, bilduma horrek eztabaida ''zabala'' egon zela uzten du agerian, eta artista hauek bere testuingurua modu ''indibidual'' batean, inongo korronterekin bat egin gabe, aztertzen zutela. Egoera horren emaitza bi artista multzo dira: margolanak landu zituzten Alemaniako artistek osatzen dutena, alde batetik, eta instalazioekin lan egin zutenena, beste aldetik.

''Bere garaiaren inguruko hausnarketak batzen ditu. Arteak bere historiarekin duen harremana eta bizi zuten errealitatea islatu nahi zituzten, errealitatea oso subjektiboa baita'', azaldu du komisarioak.

'Haunted' erakusketan berriki eskaini dituzten lanekin batera, 1999tik ikusgai egon ez diren artelanak aztertzeko aukera ere eskaintzen du bildumak.

Oraingoan, gerra ostean sortutako hainbat jarrera artistiko eta politiko areto berean ikusteko aukera izango da, Christian Boltanski, Anselm Kiefer, Jannis Kounellis, Richard Long, Gehrard Richter eta Francesc Torres artisten lanetan.

Bideoak (1)