Aluminiozko pertsonaiak
Dantza, antzerkia eta umorea, 'The aluminium show' ikuskizunean
Erredakzioa
Gurasoekin elkartu nahi duen makina gazte baten istorioa da, eta 10 dantzari eta aktore jarriko ditu taula gainean, industria materialei bizi propioa emateko. Bilboko Arriaga Antzokian dago ikusgai.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Asteazken honetan, 'The aluminium show' ikuskizuna taularatu dute Bilboko Arriaga Antzokian, Euskadin estreinakoz. Familian gozatzeko moduko lana da, eta dantza, umorea, antzerkia eta efektu bereziak uztartzen ditu. Pieza metalikoen inguruan antolatutako ikuskizuna da, eta taula gainean hamar dantzari eta aktore biltzen ditu.
Gurasoekin elkartu nahi duen makina gazte baten istorioa dakarkigu. Teknologia xelebreaz betetako mundu futurista batean bidaian dabil makina. Ibilbide horretan, abentura eta emozioa aurkituko ditu, eta baita lagun berezi bat ere: gizaki bat.
Industria lantegietatik berreskuratutako materialak erabili dituzte dekoratua egiteko eta aktore eta dantzarien jantziak moldatzeko.
Aluminiozko pertsonaia hauek Argentinan, Mexikon, Nigerian, Moskun, AEBetan, Istanbulen, Alemanian, Frantzian, Portugalen eta Madrilen izan dira aurretik. Orain, 13 emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Arriaga Antzokian, abenduaren 23ra arte.