2011
Inoiz baino bisitari gehiago, Bilboko Arte Ederren museoan
Erredakzioa
Gaur arte, 244.000 pertsona hartu ditu. Datorren urtean, Botero, Goya eta Guinea artisten lanak izango dira ikusgai Bilbon, Robert Capak Gerra Zibilean ateratako argazkien negatiboekin batera.
Marka guztiak hautsi ditu aurten Bilboko Arte Ederren museoak. Urtea bukatzeko oraindik bederatzi egun falta direla, 244.000 bisitari izan ditu, eta 2008an museoaren sorreraren lehen mendeurrenaren ospakizunarekin lortutako marka (223.000 pertsona) hautsi du.
Javier Viar zuzendariaren ustez, litekeena da urtea 250.000 edo 255.000 bisitariekin ixtea, bereziki Antonio Lopez artistaren inguruko erakusketak izan duen arrakasta dela-eta. Joan den urrian ireki zuten bilduma, eta, orain arte, 127.500 pertsonek bisitatu dute.
2012ko urtarrila arte egongo da erakusketa ikusgai, eta, beraz, Viarren ustetan 180.000 bisitarien marka lor lezake Lopezek. Hala izanda, erakusketa batek Arte Ederren museoan inoiz izan duen bisita kopururik handiena lortuko luke.
Botero, Goya eta Guinea, 2012rako
Fernando Botero kolonbiarraren lanak, Anselmo Guinea Bilboko artistaren margolanak eta Goyaren grabatu serie bat hartuko ditu datorren urtean Bilboko Arte Ederren Museoak.
Era berean, Espainiako Gerra Zibilean Robert Capa, David Seymour "Chim" eta Gerda Taro erreportariek ateratako argazkien negatiboak ere iritsiko dira Bilbora, 1995ean, galduta maletan batean Mexikon aurkitutako piezak. Bukatzeko, Jose Ramon Anda artista nafarraren eskulturek osatzen dute datorren urteko programazioa. Guztira bost erakusketa izango dira, 2001n baino bat gutxiago.