Itxi

Apirilak 30 – irailak 5

"Womanology"k emakume artisten obra aldarrikatuko du Bilboko Arte Ederren Museoan

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Museoak Jose Ramon Prietoren bildumako artisten lana erakutsiko du: Marina Abramovic, Louise Bourgeois, Ángela de la Cruz, Jenny Holzer, Cristina Iglesias, Dora Salazar, Kara Walker…

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilboko Arte Ederren Museoak Jose Ramon Prieto bilbotarraren bilduma ia osoa jarriko du ikusgai gaur, apirilak 29, aurkeztu duen “Womanology” erakusketan. Emakume artisten lanez soilik osatutako arte garaikideko bilduma da.

“Txikitzen eta mugatzen dituen herentzia kulturalarekiko deserosotasuna disimulatzen ez duten artisten lanak" dira nagusi, Bilboko erakusgunetik azaldu dutenez, eta Lourdes Fernandez komisarioak denetariko sormen lanak pilatu ditu, hala nola pintura, eskultura, marrazketa, grabatua, argazkigintza, mihiztadura, bideoinstalazioa eta soinu lana.

Guztira, 43 lan dira, 1911 (Louise Bourgeois) eta 1977 (Lynette Yiadom-Boakye) artean jaiotako 35 artista hauek sortutakoak: Marina Abramovic, Ana Laura Aláez, Louise Bourgeois, Carmen Calvo, Ángela de la Cruz, Tracey Emin, Jenny Holzer, Donna Huanca, Cristina Iglesias, Barbara Kruger, Elizabeth Peyton, Dora Salazar, Monika Sosnowska, Tatiana Trouvé, Azucena Vieites eta Kara Walker.

Guztiek ere denetariko adierazpen lengoaiekin egiten dute bat: pop artea, kontzeptualismoa, minimalismoa, informalismoa, abstrakzio geometrikoa, povera artea, konstruktibismoa, neobarrokoa, espresionismoa eta fotorrealismoa.

Erakusketaren arduradunek azaldu dutenez, “lanek hausnarketa egiten dute gai garrantzitsu batzuen inguruan: generoaren eraikuntza, munduaren begirada femenino berezkoa, sexualitatea, psikoanalisia, feminismoa, denboraren iragankortasuna, artearen esanahia, bizitza modernoaren idealaren porrota, erlijioa edo heriotza”.

“Womanology” apirilaren 30etik irailaren 5era egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan.

Bideoak (1)