''Guernica Gernikara''
Agustin Ibarrolak egindako "Guernica"ren berrikuspen bat erreskatatu dute
N. V. | EITB Media
Picassoren koadro ikonikoa Gernikara eramanez gero hari laguntzeko sortu zuen bere bertsioa bizkaitar artistak.
José de la Mano Madrilgo galeriak hainbat urtez galduta egon den Agustin Ibarrolaren lan bat aurkeztu du gaur, asteazkenarekin, Madrilen: "Guernica Gernikara". Picassoren "Guernica"ren bertsio bat da, bi metro garai eta hamar metro luze dena.
Picassoren "Guernica" Bizkaiko udalerrira eramateko hainbat euskal artista eta intelektualek gidatu zuten ekimenaren baitan egin zuen Ibarrolak horma irudia.
Obra 1977an erakutsi zuten lehenengoz, Bilboko Arte Ederren Museoko Areto Grisean, Picassoren koadroa eta horretan oinarritutako beste hainbat lan Gernikan jasotzeko museo bat eraikitzeko lehen urrats gisa. Urratsa antzua izan da, nolanahi den, jakina denez.
Hala ere, helburu horrekin jaio bazen ere, Ibarrolaren artelana ez zen inoiz Picassorenarekin batu, hori Madrilera eraman baitzuten, New Yorketik ekarrita, eta bertan dago ordudanik, 1992. urtetik Reina Sofia museoan. Are gehiago, zenbait urtez Ibarrolaren margoa gordeta, ia lekututa, egon da artistaren lantegian, publikoari erakutsi gabe.
Orain, "Guernica Gernikara" lana ARCOmadrid azokan erakutsiko dute, uztailaren 7tik 11ra, José de la Mano galeriaren erakustokian.
Galeriatik azaldu dutenez, "euskal artistak picassoar motiboak eta berezkoak dituen ikonografiak lortzen ditu, barren motiboa errepikatuz orduko orainaldiko irudi sinbolikoak bihurtzeko: langile multzoak, herria, indar errepresiboak eta askatasun ororen ezeztapena".
'Guernica Gernikara'