Itxi

Kaleko artea

373.000 euro ordaindu dituzte Banksyren sei lanengatik

'Love is in the air' izan da salneurri altuena jaso duena, 105.100 eurorekin. Margolanean, lore-sorta bat molotov koktel bat bailitzan jaurtitzen du manifestari batek.

Banksyren 'Love is in the Air', 'Leopard and Barcode', eta 'Bomb Hugger'. Argazkia: EFE

Banksy grafitigile britainiarraren sei lan esanguratsuenek 311.434 liberako (373.550 euro inguru) balioa hartu dute, Londresko Bonhams etxean kale arteari eskainitako enkante batean.

"Love is in the air" izan zen balio gehien eskuratu zuen lana. Margolanean, lore-sorta bat molotov koktel bat bailitzan jaurtitzen du manifestari batek eta 87.650 liberako (105.100 euro inguru) balioa izan du. 

Artista ezezagunaren irudi ikonikoa da (oso gutxik ezagutzen dute nor den) eta 40.000 eta 60.000 libera (48.000 eta 72.000 euro) bitarteko prezioa izango zuela uste zuten.

"Leopard and Barcode" lanean lehoinabar batek kaiola batetik ihes egiten du (eta kaiola kode-barra bat da). 75.650 liberako (90.7000 euro) salneurria izan du. Grafiti garrantzitsuenetariko bat "Girl and balloon" da, Londreseko souvenir eta iruditan azaldu den lana eta 73.250 liberako (87.900 euro) salneurria izan du enkantean.

Misterio handia dago Banksyren inguruan eta bere grafitiak kapitalaren aurkako ikono bihurtu dira. Modu berean, eta paradoxikoki, bildumagileentzat lan preziatuak dira, Banksyren inguruko interesa handitu baita.

"Prozesu naturala izan da. Jendeak bere grafitiak ikusten zituen kalean, umorea antzematen zuen eta jasotzen zuen mezua garrantzitsua zela bazekiten. Bildumagileak heldu ziren gero eta enkanteak ere bai, kaleko arteko lanak etxean nahi zituztelako", adierazi du Gareth Williams Bonhams etxeko kaleko arteko arduradunak.