Itxi

Omako Baso berria

Zabalik da Agustin Ibarrolaren Omako Baso berria

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

Lehengo basoa gaitzak hondatu zuela eta, haren erreplika egiten ari dira Kortezubin bertan. Ekaina amaieran hasi ziren zuhaitz berriak margotzen eta 2023ko irailean amaituko dute. 700 zuhaitz izango ditu Omako Baso berriak, eta prozesua ikusi ahal izango da aurrez erreserbatutako bisita gidatuetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zabalik da jada Agustin Ibarrolak osatutako Omako Baso berria, artistak 80ko hamarkadaren hasieran osatutako baso margotuaren erreplika. Jatorrizko basoan gaitzak jo zituen pinuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2020an iragarri zuen, hain zuzen ere, gaur zabaldu den erreplika hori egiteko asmoa.

Hainbat kokapen aztertu ostean, Kortezubin bertan eta jatorrizko basotik oso hurbil dagoen beste pinudi batean ari dira artelan berritua osatzen. 33 multzotan banatuta, 700 zuhaitz izango ditu Omako Baso berriak. Multzo gutxiago izango ditu, lehen 47 zituelako, baina, lehengoan baino gehiago izango dira margotutako zuhaitzak, multzo horiek handiagoak izango direlako. 

Gaurtik ikusgai izango bada ere, artelana ez dago amaituta, 2023ko irailean amaitzea aurreikusten baita. Hala, bertaratzen direnek -aurrez nahitaez erreserbatutako bisita gidatuetan-, dagoeneko margotuta dauden hainbat zuhaitz multzo ikusiko dituzte, bai eta zuhaitzak nola margotzen dituzten ere. 

Egunean bi bisita antolatuko dira astelehenetik igandera, goizez, 10:30ean eta 12:30ean, irailaren 11ra arte, eta erreserbak 94 465 16 57 telefono zenbakira deituta egin ahal izango dira. 

Lanak bi fasetan

Artelana berritzeko lan horiek, bi fasetan egingo dituzte: lehena 2022ko ekainaren amaieran hasi zen, eta urrian amaituko da. Fase horretan 14 zuhaitz multzo margotuko dituzte; bigarrena, 2023ko maiatzetik irailera bitartean da gauzatzekoa, eta gainerako 19 multzoak margotuko dituzte orduan 33 multzoko obra osatu arte. Kilometrotik gorako ibilbidea prestatuko dute bisita gidatu horietarako. 

Pinuentzat kaltegarri ez diren margoak erabiltzen ari dira zuhatzak margotzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua gauzatzeko, diziplina anitzeko lantalde bat osatu dute, Fernando Bazetak gidatuta eta Ibarrola familiaren laguntzarekin: bi artista plastiko; zaharberritze arloko hiru aditu; Euskal Arte Garaikideko EHUko espezialista bat; EHUko arkitekto bat eta Xortu enpresako bi arkitekto espezialista; EHUko Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko bi ikasle; eta Basalan foru enpresako basogintzako aditu batzuk.

Albisteak (3)

Bideoak (1)