Erakusketa
Saenz de Oiza, Oteiza eta Huarte erakusketa batean batera, Alzuzan
N. V. | EITB Media
Oteiza Museoak "Oiza Oteiza Huarte" proiektua hartuko du 2023ko martxora arte, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak Jorge Oteizarekin eta Juan Huarterekin egindako proiektuak erakusteko.
Alzuzako Oteiza Museoak "Oiza Oteiza Huarte" erakusketa paratu du, Francisco Javier Saenz de Oizak 1950 eta 1992 artean Jorge Oteiza eskultorearekin eta Juan Huarte sustatzaile eta eraikitzailearen laguntzarekin egindako 9 proiekturen laburpena. Guztira, 100 marrazki, plano, maketa eta argazki egongo dira museoko bisitarien gozagarri datorren martxora arte.
Erakusketa-proiektuak museoaren gune nagusia hartuko du: museoko areto nagusian ezarriko dute ibilbidea.
Bederatzi proiektuak lau epigrafetan antolatu dituzte: "Erlijiosoa eta sakratua", Jorge Oteiza Fundazio Museoari (1992-2000), Arantzazuko Basilikaren proiektuari (1950-1954) eta Done Jakue Bideko Kaperari (1954) buruzkoa; "Kultura Erakundeak", Bilboko Auditoriumaren (1992) eta Alondegiaren (1989-1991) proiektuei buruzkoa; "Mundu Mediterraneoa", Mallorcan dauden Alcudiako Ciudad Blanca (1961) eta Huarte Etxea (1968) proiektuetan oinarritua; eta, amaitzeko, "Hiri-utopia eta diseinua" atala, Madrilgo Torres Blancas eraikinari (1961-1969) eta Hisa Erakusketa Aretoari (1960) buruzkoa.
Guztira, 104 elementuk osatzen dute erakusketa; horien artean, nabarmentzekoak dira proiektuen jatorrizko krokisak eta marrazkiak, asko, argitaratu gabeak, bai eta planoak, maketak, argazkiak eta bitarteko dokumentalak ere.