Itxi

Bisitari kopuruak

Guggenheim museoak 1.289.147 bisitari jaso ditu 25. urteurreneko urtean

EITB Media

Leer en Castellano

2022. urtea "aparta" izan dela adierazi dute Bilboko museoaren arduradunek, eta Guggenheim "osasun betean" dagoela. 1998an eta 2017an soilik hartu zuen jende gehiago.

Motion. Autos, Art, Architecture erakusketak 751.243 bisitari jaso ditu

2022. urtea "aparta" izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat, horren arduradunek gaur azaldu dutenez. Museoa "osasun betean" dagoela diote, eta "proiektu erakargarria" izaten jarraitzen duela, hogeita bost urte bete dituenean.

Pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketak ezabatu izana igarri da jendearen joan-etorrietan, eta uda inoizko jendetsuena izan da.

1.289.147 bisitari bertaratu dira guztira Guggenheimera, eta 2022a historiako hirugarren urterik arrakastatsuena izan da, hortaz, 2017aren eta 1998aren atzetik.

Bisitarien jatorri geografikoari begiratuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bisitarien kopurua (guztien % 27) ohikoaren hirukoitza izan da; kontuan hartu behar da EAEko biztanleak doan sartu ahal izan direla museora urriaren 25etik abenduaren 2ra eta lurralde horietako 100.000 lagunek bisitatu zutela egun horietan.

Bisitari asko Frantziatik (% 14), Alemaniatik (% 5), Britainia Handitik (% 5), Ameriketako Estatu Batuetatik (% 5) eta Italiatik (% 3) iritsi dira.

Guggenheimek prentsa ohar bidez igorritako datuen arabera, Museoaren jarduerari esker EAEn sortutako eskaria 472,5 milioi eurokoa izan da 2022an, Barne Produktu Gordinari 413,9 milioi euroko ekarpena egin diote eta Euskal Ogasun Publikoek 64,1 milioi euroko diru-sarrera gehigarria izan dute.

Albisteak (1)