Erakusketa programa
Alejandro Cesarco, Carolina Caycedo, Rafael Lafuente eta Julia Spinola, Artiumen aurtengo erakusketetan
N. V. | EITB Media
Gainera, Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuona duela gutxi bilduman sartu diren artistekin egindako proiektu espezifikoak ere aurkeztuko ditu Gasteizko museoak, baita Esther Ferrer, Alberto Peral, Jose Ramon Ais eta June Crespo artisten lanak ere.
Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak 2023ko programazioa aurkeztu du, eta iragarri du bakarkako erakusketak eskainiko dizkiola Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Julia Spinola (Madril, 1979), Carolina Caycedo (Londres, 1978) eta Rafael Lafuente (Vitoria-Gasteiz, 1936-2005) artistei.
"Konposaketak" izena du Lafuenteren lanaren gaineko erakusketak, eta margolari eta diseinatzaile gisa egindako ekoizpen polifazetikoa errepasatuko du.
Gainera, Z ikus-entzunezkoen aretoan bere lana erakutsiko dute Mirari Echavarrik (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidik (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) eta Naomi Rincon Gallardok (Raleigh, 1979).
Ondarearen arloan, museoak bere bildumaren irakurketa berria aurkeztuko du, 1950eko hamarkadatik hasita. Halaber, bere funtsetan berriki sartu diren bi artistaren erakusketak aurkeztuko dituzte: Sahatsa Jauregi (Salvador de Bahia, 1984) eta Nerea Lekuona (Vitoria-Gasteiz, 1976).
Halaber, Jutta Koether artista alemaniarrari (Kolonia, 1958) eta Ivan Zulueta zinemagile donostiarrari (Donostia, 1943-2009) eskainitako erakusketak udaberrira arte egongo dira zabalik.