''Rosa Valverde eta kutxak''
Rosa Valverderen artea gordetzen duen album ilustratua
N. V. | EITB Media
Rosa Valverde artista zenaren lanera hurreratzeko liburu bat kaleratu du Pamiela argitaletxeak. Maialen Lujanbiok idatzi, eta Arrate Rodriguezek ilustratu du.
"Rosa Valverde eta kutxak. Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?" liburua aurkeztu du gaur Pamiela argitaletxeak, Bagara emakume artisten gaineko ezagutza zabaltzeko sailaren barruan.
Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek egin dute elkarlanean, eta, Lujanbiok azaldu duenez, ez da "biografia bat edo haren lanari buruzko dibulgazio lan bat", ezpada "Rosa Valverderen lanean abiatutako zerbait librea".
Valverderen kutxen sailean inspiratuta dago liburua, "libreki", eta "bi hari paralelo" dauzka, ezker eta eskuineko orrietan. "Eguneroko objektuekin" jolasten da lanean, eta horien atzean zer egon daitekeen asmatzea proposatzen zaio irakurleari, idazleak azaldu duenez.
"Oso Rosa Valverde" gelditu da lana, Arrate Rodriguezen hitzetan: "Mundu oso aberatsa zuen pertsona bat zen, eta mundu hori liburura ekarri dugu", erantsi du.
Rosa Valverde Lamsfusek (Donostia, 1953 - Azkaine, 2015) pintura, marrazkia eta kutxen barnean sortutako eszenak landu zituen, eta, argitaletxeak jaso duenez, "artista originala izan zen, kategorizatzeko zaila, unibertso propio, koloretsu eta bizia sortu eta partekatzeko gai izan zen".
Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak zuzentzen dute Bagara saila, eta "Esther Ferrer eta denbora" eta "Mari Paz Jimenez eta pintura" lanak kaleratu dituzte aurretik, urtebetean.