Hiru sari
Gure Artea sariak, Susana Talayero, Nadia Barkate eta Anti liburu dendarentzat
N. V. | EITB Media
Talayerok ibilbide artistikoaren saria jasoko du, Barkatek sorkuntza lana aitortzekoa eta Anti liburu dendak arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzekoa. 20.000 euroko jasoko dituzte saridunek.
Susana Talayerok, Nadia Barkatek eta Anti Bilboko liburu dendak irabaziko dituzte aurtengo Gure Artea sariak, Euskal Autonomia Erkidegoan arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan ematen diren sari garrantzitsuenak.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman du epaimahaiaren ebazpenaren berri gaur, asteazkenarekin, Guggenheimen. Hain zuzen, Aimar Arriola komisarioak, Nora Aurrekoetxea artistak, Rakel Esparza kultura-programatzaileak eta Miren Vadillo arte historialariak osatu dute epaimahaia.
Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte, eta golardoak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo dute Donostian, San Telmo Museoan.
Susana Talayerok ibilbide artistikoa aitortzen duen saria jasoko du. Epaimahaiak azpimarratu duenez, artista bilbotarraren 30 urte baino gehiagoko ibilbidea "dedikazio eta iraunkortasunaren sinonimoa da, ikerketa plastikoko lan bat, estudioan egunerokoa egitearen inguruan antolatua".
"Susanaren sorkuntza-lanak banakako lana gainditzen du, eta garrantzitsua da, halaber, euskal artearen testuinguruari hark egindako ekarpenak aitortzea, lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez", gehitu dute.
Nadia Barkatek, bestalde, sorkuntza-lana aitortzeko saria jasoko du. Bilbotarrak duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbideari, eta bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen da batez ere: "esan liteke, gaur egun, nahiz eta batzuetan beirari putz egineko obrekin osatu, bere lan guztia marrazki bakarra dela, gehienetan zuri-beltzean, nahiz eta kolorearen munduan sartu-irten zehatz batzuk egin. Irudi handi bat edo fikzio handi bat bezalakoa da, etengabe eraikitzen ari dena, presarik gabe, egiten dituen erakusketetan erakusten dituen zatien baturaren bidez, eta etengabe hazten jarraitzen duena, mundu propio bati gorputza eta irudia emanez", zehaztu du epaimahaiak.
Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria Anti Bilboko liburu dendarentzat izango da .
Duela 20 urte Bilboko San Frantzisko auzoan liburu denda ireki zutenetik, "letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusmen artearen arteko topaleku funtsezkoa bihurtu da. Funts bibliografiko zainduaren eta doako jarduera publikoen programa aberatsaren bidez, Antik Bilboko ehun artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten dion ekarpena paregabea da", epaimahaiaren arabera.