HERIOTZA
Ibarrolak Omako baso kutunaren zuhaizpean hartuko du atseden, bere emaztearen aldamenean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Omako basoan zuen baserriaren inguruan zabalduko dituzte errautsak. Familiak azken unera arte lanean aritu zen artistaren obra aldarrikatu du.
Agustin Ibarrola artistaren errautsak Omako basoan zuen baserriaren aldamenean zabalduko dituzte, emaztearenak utzi zituzten leku berean, zuhaitz baten azpian.
Jose Ibarrola margolari eta Agustin Ibarrolaren semeak eman du horren berri, Bilbon jarri duten hil-kaperan.
Azaldu duenez, dolu mezu andana jaso du familiak aitaren heriotza dela eta, eta azpimarratu du "omenaldi onena" artistaren "obra aitortzea" dela.
Jose Ibarrolak azpimarratu du aitak "azken unera arte" lan egin zuela, eta, margoak erabiltzen ez bazituen ere, beti zituela eskura "orriak eta argizaria" sofan eserita lan egiten jarraitzeko.
Ibarrolak paperean egindako azken lanak ikusgai, larunbat honetatik aurrera Durangon
Bestalde, "duintasunetik, moraletik eta etikatik", Agustin Ibarrola "muturreko jarreren eta indarkeriaren aurka" zegoela gogorarazi du, eta irakasgai hori aintzat hartzeko deia egin du.
Politika eta kulturako pertsona ezagunak izan dira hil kaperan
Erakunde, politika eta kultura arloko pertsona ezagunak hurbildu dira hil kaperara, artistari azken agurra emateko eta familiari babesa agertzeko.
Juan Cuenca eskultorea, Espainiako Diseinu Saria eta Arte Ederren Urrezko Domina jaso zituena eta Ibarrolarekin batera "Equipo 57" talde artistikoko kideetako bat izan zena, izan da hil kapera bisitatu duen lehen artistetako bat. Cuencak "adiskidetasun berezia" zuela Ibarrolarekin gogoratu du, eta artistikoki "bakarrik" geratu dela adierazi die kazetariei.
Ordezkari politikoen artean, Juan Mari Aburto (EAJ) Bilboko alkatea, Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramailea, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Roberto Uriarte Podemos Euskadiko diputatu ohi eta idazkari nagusi ohia edota Roberto Lertxundi politikagintzako beteranoa, besteak beste.
Lore koroa ugari iritsi dira, CCOO sindikatuak eta Ermuko Udalak bidali dituztenak, esate baterako. Ermuako Udalak, gainera, hiru dolu egun ezarri ditu artistaren heriotzagatik.
Bihar arratsaldera arte egongo da irekita hil kapera.