Heriotza
Santos Iñurrieta gasteiztar pintorea zendu da
EITB Media
Errealismo kritiko koloretsuaren erakuslea, 2017an Artiumek "Ke usted lo pase bien" erakusketa eskaini zion.
Santos Iñurrieta pintorea (Gasteiz, 1950) bart hil da, Mallorcako etxean, minbizia izan eta gero.
1971ko apirilean Gasteizen bere lehen erakusketa egin zuenetik, Iñurrieta Arabako abangoardia artistikoan parte hartu zuen. 1973an, Euskal Pintura Sarien seigarren edizioko sari bat jaso zuen, Donostian.
Bere ibilbidearen hastapenetan, ilustrazio kritikoan jardun zen, eta gizakia eta horren ingurabarrak izan ziren bere lanen ardatza.
Aurrerago, pintorea Mallorcara aldatu zen, eta koloreak toki handiagoa hartu zuen bere koadroetan, ukitu surrealari uko egin barik betiere. Daniel Castillejo "Santos Iñurrieta. Ke usted lo pase bien" (Artium, 2017/2018) erakusketaren komisarioak esan zuenez, "espazio mental bat" erakusten dute bere koadroek, "non dena posible eta onargarria baita".
Castillejok, halaber, Iñurrietaren obran aurkitu zuen "artearen historiaren eta inguru osoaren gaineko ezagutza zabala, eta, aitzitik, batere leaialtasunik ez ezein eskolarekin eta merkatuarekin lotutako ezein adierazpiderekin".