Patronatuaren bilera
Giovanni Anselmo, pop artea, June Crespo eta Yoshitomo Nara, Guggenheimen 2024an
N. V. | EITB Media
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak batzarra egin du bart, urteko balantzea egin eta datorren urteko aurrekontua onartzeko. Lynette Yiadom-Boakyeren eta Yayoi Kusamaren eta Thomas Struth argazkilariaren lanak erosi ditu museoak, bestalde.
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak batzarra egin du bart Bilboko museoan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Bilera horretan, aurtengo urtearen balantzea egin, eta datorren urteko aurrekontua eta erakusketen egutegia onartu dituzte.
2024ko erakusketak otsailean hasiko dira, Giovanni Anselmo sortzaile italiarrari eskainitako atzerabegirako batekin. Ondoren, pop arteari buruzko erakustaldi bat etorriko da, Guggenheim Bildumako lanekin osatua.
Martxoan, June Cresporen praktika eskultorikoa aurkeztuko du Guggenheimek, erakusketa aretorako berariaz sortutako instalazio batean. Bestalde, ekainetik aurrera ikusgai izango dira Martha Jungwirth artista austriarraren lengoaia abstraktua eta Anthony McCall sortzailearen obra filmikoa, baita Yoshitomo Nara japoniarraren lanari buruzko atzerabegirako bat ere. Udazkenean, Hilma af Klint artista suediarraren corpus bereziak hartuko du museoko bigarren solairua.
Aurtengo datuei dagokienez, gaur arte 1.271.792 bisitari hartu ditu museoak, 2022an data berean metatutako kopurua baino % 2 gehiago.
Museoak % 78,6ko autofinantzaketa maila erdietsi dutela azaldu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzetatik 3.800.000 euro inguru artelanak erosteko erabiliko dituzte, hartara.
2024ko aurrekontu operatiboa 33.818.615 eurokoa da, 2023koa baino % 3,5 handiagoa.
Bestalde, 2023an museoak zenbat artelan erosi ditu: Lynette Yiadom-Boakye artistaren Abuztuko distira koadroa, Yayoi Kusamaren Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria instalazioa eta Thomas Struth argazkilariaren Publikoa, Florentzia 2004 (2004) saileko lau obra.