2024ko programa
Artiumek Chillida eta Basterretxea gogoratuko ditu haien jaiotzaren mendeurrenean
N. V. | EITB Media
Gasteizko erakusketa zentroaren proposamenak Basterretxearen lan zinematografikoari eta Chillidak ilustratzaile gisa egindako lanari begiratuko die.
Artium arte garaikideko Gasteizko museoak datorren urteko erakusketa programa aurkeztu du, eta Nestor Basterretxeari eta Eduardo Chillidari bion jaiotzaren mendeurrenean eskainiko dizkien erakusketak azpimarratu ditu.
Hain zuzen ere, 2024an ehun urte beteko dira XX. mendeko euskal artista nabarmenetako biren jaiotzatik: Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002).
Nestor Basterretxearen kasuan, zinematografiaren alorrean utzi duen ondarea aztertuko du museoak maiatzaren 10etik aurrera, familiak artistaren artxiboaren dohaintza egin ondoren: Operación H film esperimentala ikusi ahalko da esaterako, baita amaitu gabe geratu ziren edo inoiz gauzatu ez ziren proiektuak ere.
Eduardo Chillidari eskainitako erakusketak, bestalde, artistaren bi dimentsioko formen eta ikonoen ilustratzaile eta sortzaile alderdia aurkeztuko du azaroaren 15etik aurrera, Chillida. Erabilera aplikatuak izenburupean.
Urtea hasteko, Z mugimenduan dagoen irudiaren esparrua aztertzen duen aretoak Randa Maroufi (Casablanca, 1987) marokoar artistaren Bab Sebta (Ceutako atea) filma aurkeztuko du urtarrilaren 12tik aurrera, eta "Edonor denok inor ez" lan kolektiboak jarraituko dio gero.
Apirilaren 26an "Vista parcial" Ibon Aranberriren (Itziar-Deba, Gipuzkoa, 1969) erakusketa aurkeztuko du Artiumek, 90eko hamarkadatik gaur egunera arteko lanen sorta bat, eta urriaren 18an Joxerra Melguizoren (Gasteiz, 1968) marrazi eta pinturen lagin bat paratuko dute publikoaren gozagarri.