GUGGENHEIM
Aldundiaren iritziz, "mehatxua" beharrean, "aukera ona" da Urdaibaiko Guggenheim Busturialdearentzat
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arrizabalagaren esanetan, proiektuaren "bideragarritasuna" aztertzeko hartutako bi urteko denbora tartea "ez da bat-batean iritsi", "azken bileran erabaki zen", eta "proiektuaren egutegian zehaztuta dago".
Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak ziurtatu du Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzeko proiektua "aukera ona dela, eta ez mehatxua" Busturialdearentzat. "Uste dut beharrezkoa dela gisa horretako egitasmo bat eramatea eskualde horretara, eta ezjakintasun egoeran gauden arren, inbertsioak aurrera egin behar duela, apustu sendoa delako", azpimarratu du.
Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan, Arrizabalagak baieztatu du proiektuaren "bideragarritasuna" aztertzeko hartutako bi urteko denbora tartea ez dela "bat-batean iritsi", alegia, azken bileran hartu zutela erabakia, eta proiektuaren egutegian zehaztuta dagoela.
Arrizabalagaren esanetan, proiektua xehatzeko "aitzinetiko lan batzuk" egin behar dira; besteak beste, plan urbanistikoak aldatu, kutsaduraren kontrako beharrak gauzatu, eta prozesu parte-hartzaile bat abiatu.
"Hori guztia egin gabe ezin da proiektua zehaztu, eta hortik dator bi urteko epe hori. Lan horiek egiteko denbora behar da, eta gauzatzen direnean xehatuko da egitasmoa, eta orduan azalduko zaie bizkaitarrei zertan datzan", azaldu du.
Arrizabalagak gaineratu du asmoa dela Muruetan eta Gernikan bi eraikin altxatzea, bi egoitzak bost kilometroko bide berde batekin lotuz. "Horra heltzeko, lan batzuk burutu behar dira lehenago", esan du.
Era berean, Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak ziurtatu du Busturialdeko herritarren iritzia jasoko dutela, eta proiektua azalduko dietela. Izan ere, aitortu duenez, orain arte ez dituzte azalpen egokiak eman, "informazio gutxi zegoelako".