Itxi

Guggenheim Bilbao Museoa

June Crespo artista nafarrak "Baskularra" lana erakutsiko du Guggenheimen martxoaren 1etik ekainaren 9ra

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sortzaileak, gaur egungo Europako arte-panoraman garrantzi handiena duen pertsonetako bat, elkarrizketa eraldatzailea ezartzen du azken hamarkadetako euskal artea markatu duten kontzeptuekin, baina gaur-gaurkoak diren gaiei ere heltzen die.

Your browser doesn’t support HTML5 video

June Crespo artista nafarraren obra martxoaren 1etik ekainaren 9ra izango da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan. Bilboko pinakotekak prentsa-ohar batean azaldu duenez, "Baskularra" sortzailearen lanari eskainitako erakusketa handinahia da, gaur egungo Europako arte-panoraman garrantzi gehien duen figuretako bat baita Crespo.

Berriki sortutako lan-sorta batekin batera, erakusketa Cresporen ekoizpen berriaren inguruan egituratzen da, erakusketari izena ematen diona. Bertan, Cresporen lan ugaritan behin eta berriro agertzen diren alderdiak elkartzen dira, esaterako argazki-irudien erabilera eskultorikoa edo arkitektonikoa, eta ekoizpen industrialeko euskarrien erabilera. Bi kasuetan, espazioan zehar ugaldutako forma begetal, tubular eta zilindrikoen euskarriak dira.

Crespok elkarrizketa eraldatzailea ezartzen du azken hamarkadetako euskal artea markatu duten kontzeptuekin. Baina, aldi berean, gaur-gaurkoak diren gaiei ere heltzen die, tartean sentsibilitate feminista eta ekosistema naturalen gainean mundu industrializatuak eragindako krisiaren kontzientzia.

Cresporen lanak sarritan hartzen ditu ontzien edo eraikuntzako egituren zati antzemangarriak, besteak beste bidoiak, zementuzko kofratuak edo zingilek eutsitako burdinak. Eta, Baskularraren, loreen eta landareen zurtoin eta zati birdimentsionatuak gehitzen ditu, dinamismo handiko multzoetan antolatuta.

Bideoak (1)