Mendeurrena
Nestor Basterretxea, artista moderno eta osoa
Natxo Velez | EITB Media
Pintura, eskultura, ilustrazioa, industria diseinua, mitologia, zinema, arkitektura… Ezin konta ahala adar izan zituen Basterretxearen jardun sortzaileak, konpromisoaren eta jakin-minaren enborrari lotuak denak ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ehun urte dira gaur Nestor Basterretxea jaio zela. Maiatzaren 6 batez sortu zen mundura, Bermeon, eta 2014ko uztailaren 12an zendu zen, Hondarribian, 90 urte zituela. Bide horretan, arrasto sakon eta baliotsua utzi zuen Euskal Herriko artearen eta arteaz haraindiko –artea, batzuen penagarri, ez da eremu estankoa– historian.
Ezinezkoa da Basterretxearen obra-bizitzak artikulu batera ekartzea, hainbeste dira eta artistaren munduan murgiltzean zabaltzen diren bideak: Francoren estatu kolpearen ondorengo erbestealdia (Ipar Euskal Herria, Frantzia eta Buenos Aires) eta itzulera; Equipo 57 eta Gaur talde artistikoen sorrera; Arantzazuko kriptako muralak (1950eko hamarkadan hasi eta, debekua dela medio, 1980ko hamarkadan bukatu zituen); pintura eta, batez ere, eskultura obra oparoa (Euskal Sail Kosmogonikoa, arte publikoa…); Izaro Eusko Legebiltzarraren ikurra, Bai Euskarari kanpaina historikoaren logotipoa eta beste hainbat lan ikonografiko; diseinu industrialaren eta arkitekturaren esparruetan egindako lanak; Ama Lur film-mugarria eta zinemagintzari egindako ekarpena…
Balioko ahal dute obra ia amaigabe horren lagin hauek irakurlearen jakin-mina pizteko eta Basterretxea zenaren obran sakontzera bultzatzeko.
ARANTZAZUKO KRIPTAKO MARGOAK
1952an, Buenos Airesetik bueltan zegoela, Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egiteko hautatu zuten Basterretxea. Urtebeteko lanaren ondoren, santutegiko dekorazioa geldiarazi zuten, 1954an, Donostiako Gotzaintzaren eta Erromako agintarien aginduz, eta, azkenean, 1985ean bukatu zituen lanok Basterretxeak.
"AMA LUR"
Zinemagintzan ere jardun zen Basterretxea, Fernando Larruquertekin lankidetzan hainbat proiektutan. 1966an, Ama Lur pelikula filmatu zuten, "euskal zinemaren benetako sortze-obra", Peio Aguirre komisario eta arte kritikariaren hitzetan.
Euskalduntasunaren gaineko begirada aberatsa da pelikula, Euskal Herriaren eta bertan bizi direnen erretratua.
Bi urte itxaron behar izan zituzten estreinatzeko, frankismoaren zentsuraren erruz, eta Donostiako 1968ko Zinemaldian proiektatu zen lehenengoz jendaurrean.
"EUSKAL SERIE KOSMOGONIKOA"
1972 eta 1975. urteen artean egindako 18 eskultura dira, 17 haritz-egurrezkoak eta bat brontzezkoa. "Pertsonaia mitologikoetan, naturaren indarretan eta euskal kulturako objektu tradizionaletan daude oinarrituta" aleok, Arte Ederren Bilboko Museoak dioenez. Hain zuzen ere, han jarri zituzten eskulturak ikusgai lehenengoz, seriea artean bukatu gabe zegoela, 1973an.
'Euskal serie kosmoginikoaren' aleetako baten brontzezko erreprodukzioa, Bermeon
Serieko irudiak Diccionario de Mitología Vasca (1972) Jose Migel Barandiaranen liburutik hartuta daude, Ama Lur-en ildoan, euskal iruditeria sortzeko Basterretxeak egin zuen lanaren erakusgarri.
Artearen unibertsaltasuna euskalduntasunetik abiatuta bilatu zuen Nestor Basterretxeak ibilbide artistiko osoan.
"IZARO"
Euskal herritartasuna gorpuzteko saiakera horretan, 1982an ideia lehiaketa bat irabazi, eta Basterretxeak irudiz jantzi zuen Eusko Legebiltzarra. Izaro eskultura, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parlamentuaren ikurra, egurrezko bi metroko alea da, zazpi adarreko zuhaitza; adar bakoitza euskal lurralde historiko bakoitzari dagokio.
Posfrankismoko aro politiko eta sozial bizian, Basterretxeak beste hainbat ekarpen egin zituen herri mugimenduen alde, ikastolei eta hedabideei laguntzeko esaterako. Esparru horri dagozkio Bai Euskarari euskararen aldeko 1978ko kanpainarako logotipoa, Gernikako Estatutuaren aldeko ikurra, Aberri Eguneko kartela…
'Izaro', Eusko Legebiltzarraren ikurra
OBRA PUBLIKOA
Esan gabe doa obra publikoa, Euskal Herriko zein kanpoko kaleetan ikus ditzakegun eskulturak, direla Nestor Basterretxearen lan artistikoaren alderik ezagunena.
Esparru horretan, batzuk nabarmentzearren, Donostiako Bakearen Usoa (1988an inauguratu zuten, Zurriolan, eta joan-etorria egin zuen Anoeta aurrera, Aita Donostia plazara) azpimarra dezakegu, baita artistaren jaioterrian ikusgai dauden Olatua (2006) eta Matxitxakoko Guda (2007) ere. Euskal artzainen omenezko monumentu nazionala (1989) ere ezaguna da, XX. mende hasieran batez ere artzain jardutera Ameriketara joan ziren euskal herritaren omenez Renon (Nevada, AEB) ezarritako obra.
"Bakearen Usoa". AOB, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan dago gozagai Nestor Basterretxearen obra: Gasteiz, Iruñea, Goraine-Irabarne, Sartaguda, Baiona, Bilbo, Leioa, Zeanuri, Oñati, Mutriku, Hondarribia, Tolosa…
"Olatua". I, Telle, CC BY-SA 3.0, via Wikimedia Commons
ARKITEKTURA ETA DISEINUA
Arkitektura ikasi nahi zuen Basterretxeak, eta, Gerra Zibilak eta erbesteratu beharrak ate hori ireki bazioten ere, Basterretxeak lan asko egin zituen arkitektura esparruan bere bizitzan zehar, eta altzariak diseinatzen zein beste hamaika lanetan aritu zen, diseinuaren esparruan.
Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula komisarioek erakusketa bat prestatu dute Arte Garaikideko Bilboko Museorako, arkitektura-proiektuen collageak, diseinu industrialeko piezak, altzariak, Irunen Oteiza eta Valletekin batera proiektatutako lantegi-etxearen memoria dokumentala, paperean egindako izaera utopikoko bolumetria arkitektonikoak, arkitektura eta hirigintzako maketak, argazkilaritzako dokumentazioa, eta abar bilduta.
Maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai.