Ekainak 8 – irailak 29
San Telmok "Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970" erakusketa ireki du
N. V. | EITB Media
Chillida bere garaiko arteekin elkarrizketan jartzen du bildumak, eta duela mende bat jaiotako eskultorearen obraren lehen hamarkadak ditu ardatz.
San Telmo Museoak Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970 erakusketa jarri du ikusgai, eta ekainaren 8tik irailaren 29ra bisitatu ahalko da, Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrenaren harira. María Bolaños komisarioa arduratu da hogeita hamar bildumatako ehun artelanetik gora aukeratu eta Donostiako museoan paratzeaz.
Chillidari buruzko ulermena zabaldu nahi du erakusketak, donostiarraren obrak bere garaiko pinturarekin, pentsamenduarekin, musikarekin, diseinuarekin, arkitekturarekin, zinemarekin eta argazkigintzarekin dituen loturei begiratzeko.
Erakusketak Chillidaren obraren lehen hamarkadak ditu ardatz, eta parean ezartzen zaizkio, besteak beste, Picasso, Miró, Arp, Julio González, Richier, Lobo, Giacometti, Motherwell, Millares, Dubuffet, Moore, Hepworth, Meadows, Smith, Jacobsen, Caro, Beuys, Chamberlain, Mendiburu, Hantaï, Asins, Aurelia Muñoz, Ozu, Bresson, Cartier-Bresson, Bing, Callahan, Martha Graham eta Cunningham.
1950etik 1970era, erakusketak jasotzen duen garaian, Europako arteak modernitatearen egitura berreraiki zuen, gerrako tragedien ondoren, museotik esan dutenez. Une jakingarria izan zen, gainera, eskulturaren historian; izan ere, "orduantxe atera zen mende ia oso bateko lozorrotik eta berpiztu zen arte berri eta erradikal bihurturik".