HERIOTZA
Koldobika Jauregi eskultorea hil da, 64 urte zituela
EITB MEDIA
Eskulturan nabarmendu bazen ere, artearen alor askotan aritu zen Jauregi alkizarra: margogintzan, performanceak egiten, ekoizpenen diseinuetan, bideo-sormenean etab. 70eko hamarkadan hasi zen eta hainbat sari jaso zituen.
Koldobika Jauregi Zinkunegi euskal eskultore minimalista hil da, 64 urte zituela, bihotzekoak jota. Alkizan jaiotako artista eskulturan aritu zen batez ere baina artearen beste alor askotan ere aritu zen: margogintzan, performanceak egiten, ekoizpenen diseinuetan, bideo-sormenean etab.
Zura eta harria lantzen zituen batez ere eta materialen izaerarekin jokatzen zuen. Eduardo Chillida zuen maisutzat eta 2019an Chillida Leku berriz ere ireki zutenean, bisita gidatu sakona egin zion Euskadi Irratiko Faktoria saioari.
70eko hamarkadan hasi zen lanean eta mota guztietako materialak, ideiak eta teknikak erabili zituen.
Hogeita hamar bat erakusketa eta hamar bat beka eta sari jaso zituen. Besteak beste, Chillidaren Zabalaga beka jaso zuen 1990ean eta Karl Muller mezenas alemaniarrarekin lan egiteko aukera izan zuen Düsseldorf hirian.
Alemanian egindako egonaldi luzeak eragin nabarmena izan zuen, kritikarien aburuz, Jauregiren lanean, eta Euskal Herrian lehendik ere bazuen ospea, nazioarteko mailara zabaltzeko aukera eman zion.
Azken urteetako erakusketa gehienak Alemanian egin bazituen ere, Euskal Herrirako ere gin zituen hainbat lan. Horietako batzuk ikustagai daude Idiazabalen, Barakaldon, Lemoan eta Donostian, esate baterako. Hain zuzen ere, ostiral honetan erakusketa bat inauguratu zuen Soraluzen, Oreka Art galerian.
2012an Ur Mara Museoa sortu zuen Alkizan, bere herrian. Hemen 2012ko bideoa:
2018an, ETAren armagabetzea irudikatu zuen altzairu eta burdinazko zuhaitza inauguratu zuen Baionan. Biktimen elkarte batzuk kritikatu egin zuten eskultura eta hainbat azalpen eman behar zituen komunikabideetan.
Kolaboratzaile oparoa izan zen EITBn ere. Arimaren Margolariak saioan parte hartu zuen 2019an eta baita Historia eta istorioak podkastean ere 2022an, besteak beste.
Alkizan bizi zen gaur egun, bikote zuen Elena Cajaraville artistarekin, Ur Mara Museoa gidatuz.