Itxi

Jaialdia

22 konpainia izango dira Bilboko dantza eta antzerki jaialdian

Bizkaiko hiriburuko BAD jaialdiak 22 konpainiaren lanak hartuko ditu. Horietatik, zortzi estreinaldiak izango dira eta beste zortzi lehen aldiz izango dira ikusgai Euskadin.

Dantza garaikidea. Argazkia: EITB

BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak 22 konpainia ekarriko ditu Bizkaiko hiriburura. Horietatik, zortzi estreinaldiak izango dira eta beste zortzi lehen aldiz izango dira ikusgai Euskadin.

Iñaki López de Agileta Bilboko udaleko Kultura zuzendariak eta Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariak aurkeztu dute BAD jaialdiko programazioa. Urriaren 25etik azaroaren 4ra bitartean izango da jaialdia.

Mesedeetako Eskola izango da egoitza nagusia eta zazpi ikuskizun izango dira bertan, horietatik bi euskal konpainienak. Qualquer kolektibok "Sobre las cosas que no pueden hablar" ikuskizuna estreinatuko du eta Metrokoadroka konpainiak " "Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek?" aurkeztuko dute, antzerkia, poesia, arte plastikoak eta musika jasotzen dituen lana.

Collado-Van Hoestenberghe Fundazioak "Vida de Lázaro" antzezlana aurkeztuko du lehen aldiz Euskadin eta Maria Antonia Oliver koreografa beteranoak "Las Muchas" dantza-ikuskizuna taularatuko du. Bilboko sei dantzari "helduk" osatzen dute ikuskizuna.

Urriaren 26an, Campos Antzokian, Nexo Teatrok "La historia del Noctámbulo" estreinatuko du. Ricardo Padillak zuzentzen du. Euskal konpainiak formatu handiko ikuskizun berezia aurkeztu du, 12. urteurrena ospatzeko.

Guggenheim museoaren auditorioan ikuskizun berezia izango da, Beatriz Setienen prozesu sortzaileekin.

Ikuskizun guztiek 12 eta 10 euro bitarteko salneurria dute aurresalmentan.