Itxi

Heriotza

Felix Beristain ondarroar margolaria zendu da

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Pintore nekaezinak 87 urte zituen eta Sarrian, Araban, bizi zen duela hainbat hiru hamarkadatatik. Lan kostunbristek eman zioten ospe handiena, baina poskubismoa eta abstrakzioa ere landu zituen.

Felix Beristain

Felix Beristain ondarroar pintorea zendu da 87 urte zituela, gaur, asteartearekin, familiak EITBri baieztatu dionez. Beristainek lan kostunbrista mordo bat utzi zuen, arrantzaleen bizimodua betikotu zutenak tartean, baina poskubismoa eta abstrakzioa ere landu zituen. Berea da, esaterako, Ondarroako Kofradiako horma irudi ezaguna.

Valentin de Zubiaurreren aholkuak jaso zituen hastapenetan Beristainek, nerabea zela, eta 17 urterekin egin zuen lehen erakusketa, Eibarren. Gero, Bilbon, Akizen, Pauen, Tolosan, Alemanian, Bordelen, AEBn eta beste hamaika tokitan erakutsi zuen bere lana.

Lehen garai horietan, kostunbrismo iluna zerien bere lan indartsuei, baina azken unera arte jarraitu zuen pintatzen, figuratibismoaren eta, maila apalagoan, abstrakzioaren arteko orekan. Itsas jarduna, Marokoko, Portugalgo eta Tunisiako paisaiak zein inauterietako eszenak bildu zituen bere koadroetan.

Ondarroan jaioa, duela hiru hamarkada bizi zen Sarrian, Gorbeiaren magalean, eta azken unera arte jarraitu zuen lanean.

Joan den urtean, Felix Beristain Amallobieta, azken euskal kostunbrista dokumentala aurkeztu zuten Eloy Gonzalez Gavilanek eta Jose Emilio Gomez Bustok.