Txapelketa Nagusia 2013
Agin Laburuk lortu du finalaurrekoetarako txartela, Markina-Xemeinen
Erredakzioa
Horrenbestez, azaroaren 16an Oiartzunen jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta puntuazioaren arabera sailkatuko diren beste hiru bertsolarirekin.
Agin Laburuk irabazi du Markina-Xemeinen jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa. Haren atzetik, hurrenez hurren Jone Uria, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo "Abarkas", Eneko Fernandez eta Beñat Ugartetxea sailkatu dira.
Honako puntuazioa lortu dute bertsolariek:
Agin Laburu 699,5
Jone Uria 677
Onintza Enbeita 623
Eneko Abasolo "Abarkas" 599,5
Eneko Fernandez 598
Beñat Ugartetxea 577,5
Horrenbestez, Laburuk finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Azaroaren 16an Oiartzunen jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta puntuazioaren arabera sailkatuko diren beste hiru bertsolarirekin.
880 bertsozalek ederki girotu dute Idoia Beitiak aurkeztu duen saioa. Antolatzaileek Markina-Xemeingo udalak eta herritarrek saioari eman dioten laguntza eskertu nahi izan dute. Horrez gain, bereziki Markinako bertso eskolaren lana izan dute gogoan, hura izan baita herrian egun osoan zehar egin den Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunaren hirugarren edizioaren antolatzailea.
Hurrengo kanporaketan Hendaian jokatuko da larunbatean 17:30ean, Beltzenia ezker paretan. Sei bertsolari aterako dira oholtzara: Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto.