Itxi

Finalerako sarreren zozketa

'2009ko oroitzapen bat? Laguna lehen aldiz negarrez ikustea'

Eider Garaikoetxea | eitb.com

Aurtengo finalerako zozkatuko ditugun bi sarrera bikoitzetako bat lortu nahian, 225 lagunek 2009ko finaleko oroitzapenez bete dituzte EiTB Kulturaren Facebook eta Twitter kontuak.

Maialen Lujanbioren izena askotan aipatu dute erabiltzaileek.

Abenduaren 1eko 22:00etan bukatuko da parte hartzeko epea, baina ostegun honetarako nahikoa beteta dago Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako sarreren zozketarako zakua: 225 lagunek hartu dute parte dagoeneko.

Azaroaren 12an zabaldu genuen finalerako 2 sarrera bikoitzen zozketan parte hartzeko epea. Erabiltzaileek EiTB Kulturak Twitterren eta Facebooken dituen kontuak erabili behar zituzten, 2009ko finalaren oroitzapen bat partekatuz.

Ezin 225on oroitzapenak albiste honetan jaso, baina lau bertsolariren izen-abizenak askoren gogoan zeudela ezin ukatu: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Joxe Agirre.

2009ko txapeldunaren agurreko bertsoa, esaterako, iltzatuta du Unai Alduntzinek. Hala kontatu zigun Facebooken: "Lehengo txapelketa neretzat, Maialen txapela jantzirik "herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik ta euskaraz". Itzela!". Eider Etxeberriak ere bertso hori bera du gogoan. Maider Barrenetxeak, bestalde, "Maialenek txapela jantzi" zueneko "momentu historikoa" du akorduan, "lehenengo neska txapela janzten", erantsi zigun Facebookeko iruzkinean. Twitterren Izaskun Berazak eta Maite Aizpuruak botatakoak ere, ildo horretatik doaz:

 

 

 

Amets Arzallusek kartzelako lanean botatakoak dituzte beste batzuek gogoan. Iyuya Urrutiak horixe bera aipatzen zuen Facebooken: "Ametsen Sua bertsoa; su baten baldintzan, pitz dezagun hitza,  alaituz bizitza, hemen su horren bueltan dantzan gabiltza...IZUGARRIA!" Edurne Arruti bertsoa gogoratzearekin "emozionatu" egiten dela aitortu zigun sare sozial honetan. Beñat Lasarte Akarregik, honakoa zioen bere mezuan: "Bertsolari txapelketa finalak betidanik izan dira hunkigarriak. Final guztiek ekartzen dizkidate milaka oroitzapen gogora, baina niretzat onenak Amets Arzallusek suari buruz eskainiriko bertsoak izan ziren! "Oilun popak ipintxeko modukuk!!!".

Arzallus eta Lujanbio elkarrekin gogoratzen duenik ere bada, Jon Aristik, berbarako, hala kontatzen zigun Facebooken: "Amets eta Maialenen arteko besarkada! Txapelketaren gainetik kiroltasuna eta laguntasuna!"

Nola ahaztu, bestalde, Andoni Egaña beteranoaren agurra. Saioa Rodrigez horrela zioen Facebooken: "2009ko txapelketa nagusiko finaleko oroitzapen bat andoni egañaren agurra txapelketari!!! "..ni oso harro pasako naiz, naturala izango da, behien aulkiak aipatzetik behian aulkiak jartzera!". Itxasne Mendiak ere, bide beretik: "2009ko txapelketako finala Andoniren azkenengo final bezala gogoratuko dut bereziki. Ezinezkoa zirudien Andonik txapeldun izateari uztea, eta utzi zuen, dotore gainera. Beti bezala elegante baina umil". Aitziber Salaberriak beste zerbaitengatik du gogoan Egañaren bertsoetako bat: "Egaña bertsotan ari zela, sabelean nuen 5 hilabeteko semearen lehenengo ostikoak sumatu nituen...."

Joxe Agirreren izena darabiltenak ere ez dira gutxi. Mikel Landa Azkoaga, Facebooken: "Duda barik momentu hunkigarriena Joxe Aguirrek botatako bertsoak.Artengo Bertso final egunean urte bat zendu dela egingo du. Beraren irrifarra izango da aurtengo finalaren irudia ziur". Iritzi berekoa da Ilargi Betea ere: "Joxe Agirrek, Maialeni txapela jantzi eta ondoren bota zituen bertsoak, mundialak izan ziren!!"

Lagunaren negarra eta alabaren ostikoak tripa barruan

2009an BECen izandako sentimenduak hitzez zelan azaldu asmatu ezinda ibili dira erabiltzaile asko, baina bada bete-betean asmatu duenik. Hona horietako batzuk:

Nagore Beitia Telletxea (Facebook): "Horrenbeste, gauza, sentimendu, sentsazio... ezin dira facebookeko iruzkin bakar batean adierazi. Hori bai, han bizi izandako momentuek erakutsi ziguten familia bat garela, txikia, beste askorekin konparatuz, baina ezer baino indartsuagoak"

Lierni Ugartemendia (Facebook): "2009ko oroitzapen bat: inoiz negarrez ikusi ez nuen aldameneko lagunaren malkoak!"

Ane Sarasketa (Facebook): "Sofan jarrita, nire tripa handiaren gainean eskuak jarrita, Maule alabarekin batera ikusi nuen finala ETB1ean. Ordu hartan ezin izan nintzen BEC-era bertaratu (nahiz eta sarrera erosita izan), Maulek ez zidan utzi; tripa barruan nuen eta ezin inora mugitu nengoen ordu hartan. Negar eta barre ugari egin nuela gogoratzen dut; bertso eta hormona-dantza arteko koktel zirarragarria, telebistaren parean edan nuena, ordu luzez. Milaka bertsozale gogoratzen ditut, olatua egiten; eta, Maule, ostikoak ematen. "Aurten emakumeona da txapela, Maule", esan nion bukaeran; eta Maialen zoriontzeko gogoa izan nuen. Ea, aurten, Iparraldera eramaten duten txapela; gure herriak Iparraldea ere baduelako. Ezta Maule?"

 

 

Hauek orain arte bildu ditugun batzuk, partekatu zuk ere zure oroitzapena eta irabazi zozkatzen ditugun 2 sarrera bikoitzetako bat. Bi irabazle baino ez dira izango, baina gainerakoek memorian atzera egiteko ariketak utzitako zapore goxoa edukiko dute, bederen.

Albisteak (2)