Txapelketaz, lankideekin
Onenak irabaz dezala!
Amaia Uribe
Finalaren biharamunean, telebista aurrean dagoenari kontatuko diot, nork utzi gaituen aho zabalik, nork poztu, nork sufriarazi, nork harritu, nork irribarrea atera, nork BECeko aulkitik altxarazi, nork txalo gehien lapurtu.
Arratsaldeko bost t’erdiak. Telebista aurrean jarri, eta hiru ordutan mugitu ere egin barik jarraitu ditut finalaurrekoak. Elizondotik 114 kilometrora, Donostiatik 77 kilometrora, Mauletik 231 kilometrora. Gernikako zero kilometroan, urrun baina gertu.
Kamerek hartutako lehen planoetan igarri dut ze bertsolari zegoen urdurien. Publikoa jarlekuan mugitzen hasten zenean berretsi dut bertsolari baten potoa. Eta puntuazioa entzutean bertsolariek jartzen zuten aurpegia ikusita jakin dut finalera zeintzuk igaro diren.
Ametsek puntuak josteko duen trebeziak beste behin ere aho zabalik utzi nau. Igor gozatzen ikusteak poztu. Unairen sufrimenduak sufriarazi. Aitor Mendiluze ohi baino irregularrago sumatzeak harritu. Aitor Sarriegiren ironia finak irribarrea atera dit. Sustraik Maulen egin zuen kartzelakoak sofatik altxarazi nau. Eta Eskolarteko Txapelketan egurra eman zidan Beñatek txalo gehien lapurtu dizkit. Eta jakin-mina daukat zazpikote honen aurrean Maialen berriro txapelduna izango den edo ez.
Goizeko hamaikak. Finalean, distantziak txikitu eta oholtzatik metro gutxira egongo naiz. Bertsolarien urduritasuna neure azalean sufritzen, potoa egon den ala ez ondokoarekin eztabaidatzen, eta puntuazioa entzutean olatua egiten.
Eguerdiko ordu biak. Finalaren biharamunean, telebista aurrean dagoenari kontatuko diot, nork utzi gaituen aho zabalik, nork poztu, nork sufriarazi, nork harritu, nork irribarrea atera, nork BECeko aulkitik altxarazi, nork txalo gehien lapurtu. Eta batez ere, txapelduna nor den. Onenak irabaz dezala.