FINALA
Maila bikaina erakusten ari dira zortzi finalistak
I.A.
Goizeko saioa 11:00etan hasi da, BEC aretoa jendez lepo zegoela, urteko kultur ekitaldi nagusienetakoaz gozatzeko.
Barakaldoko BECeko ateak irekita daude, dagoeneko, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final handirako eta zortzi finalistak maila bikaina erakusten ari dira saioan. Milaka eta milaka lagun daude bilduta bertan.
Iritsi da, bai. Irailaren 29 abiatu zena heldu da helmugara. Finalaurdenak, finalerdiak eta, orain, finala. Hamahiru saio, herriz herri, lurraldez lurralde: Villabona-Amasatik Maule-Lextarrerainoko bidean, hamaika poz, tristura, ezusteko eta sorpresa. Bertsolariak maldan gora, maldan behera, bakoitza beretik, neurriaren, errimaren, arrazoiaren eta hitzaren josketan. Txapelketa txapelketa delako.
Finaleko zortzikoa nortzuk osatuko duten. Horixe bertsozaleek saioz saio, puntuazioaren kontaketa zoroan makurtuta, hitzetik hortzera izan dute hizketa-gaia. Eta orain, txapela denon ahotan. Nork jantziko duen? Auskalo. Orain artekoa ikusita, edonork jantz dezakeela esateko ez dago aditua izan beharrik.
Finalak baina, Unai Iturriagak zioen moduan, "bertsogintzaren esparru naturala gainditzen du". Haratagoko zerbait da: "Euskarazko sorkuntzaren plazarik handiena", Maialen Lujanbiorentzat, eta "bertsolaritzaren osasunaren agerpen gorena", Igor Elortzarentzat. Bertsolari denek, edo ia denek, gozatu nahiko luketen plaza da BECekoa. Txapela helburu edo ez helburu, saio ona egitea da denei loa kentzen diena; Aitor Sarriegik plaza erraldoi hori aprobetxatu nahi du "egin dezakedanaren onena erakusteko", "finalean alferrikako bertso bakar bat ere ez uztea" da Sustrai Colinaren desioa eta "naizen hori erakutsi" nahi du BECen Beñat Gaztelumendik. Hori guztia lortzeko errezeta, bakoitzak berea. Amets Arzallusek garbi dauka, "finalera ahalik eta freskoena iristea da" garrantzitsuena. Emaitza era batekoa edo bestekoa izan, "finala koloretsua eta dibertigarria" izango dela zalantzarik ez du Aitor Mendiluzek.
Dena prest dago egun handirako. 09:00etan zabaldu dituzte BECeko ateak , eta Aitzol Barandiaranek ederki deskribatu bezala, "makro-kontzertu, beherapen garai edo haur-jolas erraldoi bat bailitzan" bakoitza bere aulkiaren bila hasi da. Zaila da hitzez azaltzea finaleko sentimendua. "Magia egiten" dela zioen Urtzi Urrutikoetxeak. Eta magia horren misterioa munduan erakusten saiatu da Jon Artano, aspaldion. Irribarrea, negarra, sufrimendua eta gozamena, barneratu eta kanporatu, horretan asmatzea izango da zailena eta, era berean, ederrena. Emozio bilduma hori ekarriko digu Amaia Uribek, finalaren biharamunean.
Goizeko saioa 11:00etan hasiko da. Ordurako, bertsolariek zein ordenetan abestuko duten erabakita egongo da, eta aurkezlea aurretik dutela, BECeko erdiko pasillotik agertzen direnean hasiko da festa. 2009ko Txapelketako argazkia ekarrita, txaloak, txaloak eta txaloak. Publikoaren berotasunaren termometroa, lehertzear lehendabiziko momentutik. Hortik aurrera, oholtzara igo, protokoloak agindutako ohar guztiak bota, eta, bertsolarien izen-abizenak esan ondoren, benetako lana hasiko da. Zortziko handitik hasi eta buruzko burukoko kartzelaraino, 212 bertso, hasierako eta bukaerako agurrak kontuan hartu gabe.
eitb.com bertan izango da. Zuzen-zuzenean kontatuko dizuegu dena, ETBko eta Euskadi Irratiako lankideekin batera. Oholtzaren aldamenetik ikusi ahal dena eta, ahal bada, zerbait gehiago.