Elkarrizketa Euskadi Irratian
Amets Arzallus: 'Euskal Herri guztiarena da txapela'
Eider Garaikoetxea | eitb.com
Txapela 'Iparraldean preso' ikusten ez duela azpimarratu du Hendaiako bertsolariak, eta aitortu du 'malkoak hurbilen' Maialenek zoriondu zuenean sentitu zituela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Amets Arzallus 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak gainetik kendu ezinda du oraindik final eguneko 'tentsio psikologikoa'. Lo gutxi eginda, saioan egindakoaz harro agertu da Euskadi Irratian txapela jantzi eta biharamunean egin dioten elkarrizketan.
Txapela lehen aldiz Iparraldera joan dela eta, alde batera edo bestera sentitzen ez duela azpimarratu du Arzallusek: "Poztxo hori badut, baina Maialenek irabazi zuenean ere ez nuen txapela Hego Euskal Herrian zegoela sentitzen. Ez dut oraingoan Ipar Euskal Herrian preso ikusten. Euskal Herri guztiarena da txapela", erantsi du.
Maialen Lujanbio buruz burukoan berarekin nor baino nor gehiago izan zen bertsolari eta laguna akorduan izan du elkarrizketa osoan 30 urteko hendaiarrak. "Maialen berezia da, laguna. Maialenek zoriondu ninduenean ikusi nituen malkoak hurbilen. Duela lau urteko akorduak ere etorri zitzaizkidan eta...", kontatu du hunkituta.
Gogoan hartzeko bertsoak
Gainerako zazpi finalistek botatako bertso aleren bat iltzatuta ote duen galdetuta, Lujanbiorenak aipatu ditu, "lasaien entzun" zituenak izanik. "Kartzelako lanean Maialenek kantatutakoen artean aukeratzeko aleak badaude", nabarmendu du. Goizeko saioan, Egoerak bestaldea erakutsi dizu gaitzat zuen kartzelako lanean Aitor Sarriegik aukeratutako bidea eta emandako trataera (tiroz hil zuen gizonaren alargunari eskua luzatzen dionarena) ere aipatu ditu Arzallusek: "Bide estuetan sartu izana eskertu nion Sarriegiri, berak egin zuen hautua".
Berak botatakoen artean apartatzeko modukoak zeintzuk diren aletzeko orduan, saioa berriz entzun behar duela agertu du 2013ko txapeldunak. "Goizean asmatu nuela esango nuke. Tentsioaren eta lasaitasunaren arteko oreka mantendu nuen. Goizeko kartzelan –Intxaurrondoko guardia zibilaz egindako bertsoan– egon nintzen erosoen. Biktimen gaia mahai gainean dagoenean torturatuak ahaztuak izaten dira sarri, eta aski gauza larria da isiltasunean uzteko. Memoria eraiki behar dugun honetan, gaia atera nahi nuen", azaldu du.
Bezperan agertu bezala, txapeldun irudikatzen ez zela berretsi du biharamunean egindako elkarrizketan: "Ez nuen neure burua txapelpean irudikatzen. Nire barne bideak urratzen ibili nintzen, ez nion txapelari begiratu, ez behintzat egunaren amaierara arte. Buruz burukoan jada bai, orduan hasi nintzen gailurra ikusten, baina itsutu gabe", kontatu du.
Halaber, txapelduna bera zela jakin zuenean ez omen zuen nahi bezala gozatu: "Azkeneko bertsoa nuen oraindik kantatzeko. Momentu eder eta beroa izan zen, baina inpermeablearen barruan bizi nuen".
Irabazlea ere ez da bakarra
BECeko oholtzan izan ziren guztiek azpimarratutako ideia, talde lanarena, izan du ahotan Arzallusek elkarrizketa amaitzeko: "Hurbiltasun eta naturaltasun bat egon zen gure artean goizean goizetik eta egun guztian zehar. Horrek lagundu zigun bidea egiten. Esango nuke irabazlea ere ez dela bakarra", gaineratu du.