Itxi

Hezkuntza

Eskoletan bertsolaritza finantzatzeari utzi dio Nafarroako Gobernuak

Erredakzioa

"Bertsolaritza irakaskuntzan" programaren laurdena laguntzen zuen diruz Hezkuntza Departamentuak, 32.800 eurorekin, eta bertan behera utzi du finantziazioa, Bertsozale Elkarteak iragarri duenez.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa finantzatzeari utzi dio 2013ko irailean.

Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidenteak azaldu duenez, 1997tik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa jaso dute: "Ordutik hona, milaka gaztetxok aukera izan dute ikastorduen barruan bertsolaritza eskolak jasotzeko". Hain zuzen, 2013-2014 ikasturtean Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako 1.434 ikasle ari dira bertsolaritza eskola orduetan jasotzen.

Urte horietan guztietan, Nafarroako Bertsozale Elkartea arduratu da programaren kudeaketaz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin izan dituen kontratuen bitartez.

2013ko irailean, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Bertsozale Elkarteari jakinarazi zion ez zutela exekutatuko programarako zegoen partida, "beste lehentasun batzuk zeudelako".

Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, egoera horrek "oso kinka larrian jartzen du ez bakarrik 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programa, baizik eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen proiektua bera ere. Horregatik, Hezkuntza Departamentuari eskatu nahi diogu bere konpromisoak bete ditzala eta 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programa modu duin eta iraunkorrez finantzatu dezala".

Egungo egoera horrela laburbildu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariek: "Nafarroako Bertsozale Elkarteak segitzen du bere konpromisoak betetzen eta zailtasun handiz 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programari eusten. Bien bitartean, Hezkuntza Departamentuak segitzen du programa finantzatzeari uko egiten, bere etorkizuna kinka larrian jarriz".

Talde parlamentarioekin harremanetan ari direla jakinarazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta apirilaren 29an Nafarroako Parlamentuan gai honen inguruko lan-saio bat eginen dutela aurreratu dute.