“Nork”
Bertsoa, gezurrak eta bideo zintak
Natxo Velez | eitb.eus
Patxi Gallego marrazkilariak eta Xabi Paya gidoigileak “Nork” eleberri grafikoa ondu dute, “Bertsolari” aldizkariak 100. zenbakia argitaratu duela ospatzeko.
2013ko abenduaren 15a: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala bukatu berri da, BECen. Andoni Egañak txapela jantzi berri du, bosgarrenez, eta, azken agurra abesteko mikrofonoari oratu dionean, kamera guztiak begira dituela, ziplo jausi da lurrera, deskarga elektriko batek jota antza denez.
Fikzio horretatik abiatzen da ?Nork? Patxi Gallegok eta Xabi Payak ondutako komikia, thriller-aren bidean garatzen den eta herri kulturari (bertsoa, telesailak, literatura, pornografia...) hamaika erreferentzia egiten dizkion eleberri grafikoa.
?Bertsolari? aldizkariak ia 25 urteko bidean kaleratutako 100 zenbakiak ospatzeko, Patxi Gallego marrazkilariak (?Pololoak? trilogia, esaterako) eta Xabi Paya polifazetikoak (bertsolaria, idazlea, irakaslea, kultura-kudeatzailea?) ?Nork? komikia ehundu dute bi urte eta erdiko lan etengabean, fikzioa eta errealitatea umore puntu nabarmenaz uztartzen dituen lana.
Lau detektibe arketipikok Egañaren heriotza -balizko hilketa- ikertu beharko dute, eta, anekdota hori aitzakia hartuta, euskal kultura jarri dute egileek irakurlearen begien aurrean, Jesika Fletxeberria bertsozale amorratuaren ikuspegi emotibotik, Amezketako alguazilaren begirada kontserbadore garbizaletik, Amaia Ezpeldoi Iparraldeko lesbianaren ikusmolde periferikoaren bidez eta Bertsokop robotaren molde pragmatikotik begiratuta.
Bertsokop, Amaia Ezpeldoi, Jesika Fletxeberria eta Amezketako alguazila.
Hiltzailea aurkitzeko bidean, nork hil duen jakiteko abenturan, denetariko ehun pertsona(ia) ezagunek bisitatzen dituzte orriok: Xalbador, Euzkitze, Pako Etxeberria, Marveleko superheroiak, musikariak, idazleak, ?El Conquistador del Fin del Mundo?ko kideak, ETBko atsuak, Olentzero eta Mari Domingi, euskal sukaldariak?
Misteriozko nobelak, zientzia-fikzioak, errealismo magikoak, ukitu pornografikoek eta, nola ez, bertsoak bat egiten dute istorioko orrietan, euskal herri-kulturaren iruditeria kolektiboa sortzeko ale pisuzkoa plazaratu duen lanean.
Aldizkariko harpidedunek etxean jasoko dute ?Nork?, eta gainerakoek Elkar argitaletxearen dendetan erosi ahalko dute, 12 euroko prezioan. Durangoko Azokan ere egongo da salgai, eta liburua ez ezik kamiseta bat ere eraman ahalko dute erosleek bertan.
ETBko Atsuek ere tokia dute eleberrian.